Albisteak
[ARGAZKIAK] Giro berezi eta goxoan aurkeztu zen atzo Arineketan proiektuaren Zaharrak Berri lana
— 2024-03-02Jagoba Astiazaran eta Iñar Sastrek Arineketan proiektuaren bigarren zatia aurkeztu zuten atzo arratsaldean, kultur etxean; “Zaharrak Berri”. Giroa gertukoa, goxoa eta naturala izan zen, konplizitatez betea eta entzuleak kantuan ere egin zuten “Andoni eta Antton” kantarekin.
Proiektuaren aurreneko zatian dantzarako doinuekin egin bezala, oraingoan kanta doinuen bilduma osatu dute, tartean galtzear zeudenak ere bai. “Zaharrak ez du zertan hil berria sortzean” dio bikoteak. Hauen lana ondo baino hobeto ezagutzeaz gain, lan berrian kolaboratu duen Ainhoa Ansak egin zien aurkezpen elkarrizketa.
Kanta zaharren bilaketa, aukeraketa eta moldaketa kontuak izan zituzten mintzagai. Tartean, Jagobaren amama Xoleren kantua ere ekarri zuten musikariek gogora. Izugarrizko kolaborazioak ere izan dituzte: Ødei, Nøgen, Olaia Inziarte, Mikel Urdangarin, Ansa Ahizpak, Beñat Gaztelumendi, Eñaut Agirre,…
Kanta bakoitzaren azalpen eta partiturekin osatutako liburua ere sortu dute eta aurkezpen amaieran diskoa erosi eta lanaren egileekin egoteko aukera ere izan zuten bertaratu zirenek.
Egin zaitez bazkide