Albisteak

[ARGAZKIAK] Gogotik gozatu dute txikienek Umeen Eguneko goiza

Goizetik hasita ez dute aspertzeko tarterik izan haurrek festen hirugarren egun honetan. Izan ere, gaur Umeen Eguna ospatzen ari dira, eta ekintzaz jositako eguna dute aurretik etxeko txikienek. Egun honetan ohikoa den moduan, zuri-gorriz jantzita atera dira kalera.

Diana zaratatsuarekin hasi dute eguna, festa giroa kalerik kale zabalduz. Kazuela, danbor eta turuten hotsak izan dira protagonista eguneko lehen hitzorduan. 12:00etan, kanpaiek jo orduko, txupinazoa bota dute udaletxeko balkoitik, protagonistak ilusioz gainezka zirela. Ondoren, gaztetxoen dantzaurrea eta zahagi-dantza egin dituzte Itxaropena dantza taldekoek, Idiakaitz txistulari taldeak doinua jartzen zuen bitartean.

Hori gutxi ez, eta bazkalaurretik Lopene ganadutegiko poniak eta zezentxoak izan dira protagonista plazan. Zezen plaza jendez bete da, eta haurrek gogotik gozatu dute. Goizeko ekintza sortaren ostean, 14:30ean, haur, gaztetxo eta gurasoentzako bazkaria izango da kiroldegiko aterpean.

Hona hemen arratsaldeko egitaraua:

14:30. Ume, gaztetxo eta gurasoentzat bazkaria, kiroldegiko aterpean.
15:30. Karaokea, kiroldegiko aterpean.
18:00. Umeentzat tailerrak, frontoi zaharrean.
19:00. Aliritzi erromeria, kiroldegiko aterpean.
22:00. Suzko zezena, plazan.
Ondoren, Sedientos de Cumbia eta Txamakos taldeekin dantzaldia.
Herritarrak txuri gorriz janztera gonbidatu ditu udalak.







Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide