Albisteak

[ARGAZKIAK] Lurraren taupaden erritmora festa giro bikaina izan da goizean zehar Amillubin

Egun osoko festa izango da gaur Iraetako Amillubin. Goizean jendetza bildu da Amilibia baserriaren inguruko zelaietan prest zeuden gunetan. Eguraldiak ere lagundu du eta giroa ezin hobea izan da, goiz partean.

Goizeko 11etan eman zaio hasiera jaiari. Aurrena, Amillubi egitasmoaren inguruko azalpena laburra eta inguruen bisita egin dira eta jarraian, bertaratuek bi ekintza izan dituzte aukeran; batzuk Enekouchekin (Antton Telleria) “Lurrarekin konexioa” saio umoretsuaz gozatu dute, eta beste batzuk, berriz, Baso bainu-ibilaldia egin dute Tantaiko kide baten azalpenekin.

Orain, poteo musikatua egiten ari dira EHko Batukada Feminista Sarearekin eta jarraian bazkaltzeko ordua izango da.

Arratsaldean jarraituko du festak. Hemen egitaraua:

15:30ean Umeentzako clown ikuskizuna Itziar Saenz de Ojer-en eskutik.
16:30ean Bakarrizketa umoretsua GREGOren eskutik (Beatriz Egizabal)
17:30ean Mejillon Tigre kolektiboaren errezitaldia
18:30ean Kontzertuak: Pelax, 3zur eta Babarrunba taldeekin.
Egunean zehar, gainera, umeentzako txokoa egongo da hainbat proposamenekin.
Gogoratu, oinez bertaratu behar dela Amilibiara, autoak Iraetako futbol zelaiaren ondoko aparkalekua utzi eta 10 minutu inguruko ibilbidea dago bertara.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide