Albisteak

[ARGAZKIAK] Mozorro, dantza eta talo artean ospatu dituzte inauteriak Arroabean

Inauteriek kolorez eta alaitasunez bete zuten atzo Arroabea. Euskal Herriko txoko ezberdinetako inauterietako pertsonaiak gorpuztu zituzten herriko ikasleek, irakasleek eta gurasoek, bertako inauterien kultura eta festa giroa uztartuz.

Haurrak kalejiran atera ziren eskolatik, herriko kaleak girotuz eta ikusleen irribarreak piztuz. Hasieran jaialdia eskolako patioan egitea zen asmoa, baina eguraldiak ez zuen lagundu eta, azkenean, frontoian egin behar izan zuten ospakizuna. Han mozorroen aurkezpenak egin zituzten bertaratutako guztientzat, pertsonaia bakoitzaren jatorria eta berezitasunak azalduz.

Aurkezpenen ondoren, dantzak izan ziren protagonista. Umorea eta mugimendua nagusitu ziren frontoian, eta amaierarako ikusle ziren gehienak ere dantzan aritu ziren, festari bukaera borobila emanez. Txikienek, berriz, askari goxo batekin amaitu zuten eskolako jaialdia.

Iluntzean, festa giroak jarraipena izan zuen: talo-jana ospatu zen Ederki elkartean, auzotarrak mahaiaren bueltan elkartuz eta egunari amaiera ezin hobea emanez.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide