Albisteak

[ARGAZKIAK] Musika Bandak kontzertua eskaini du Elizan Gabon eguna ospatzeko

Musika doinuez bete du Gabon eguneko eguerdia Zestoako Musika Bandak. Izan ere, abenduaren 24an eskaini ohi duten Gabonetako kontzertua eman dute Elizan, gabonei ongi etorria emanez. Kanpoan giro hotza eta euritsua bazegoen ere, barruan giro bikaina sortu da. Kontzertu honekin agurtu dute Zestoako Musika Bandaren 115. urteurrena.

Ordubatean hasi den kontzertuaren aurretik, bandako kideak San Juan Egoitzan eta Gisasola Egoitzan izan dira, Gabonetako hainbat kanta jotzen. Ondoren, Urtzi Iriondo mutrikuarrak zuzendutako kontzertuaz gozatzeko aukera izan dute Elizara bertaratu direnek.

Aurtengo berezitasun nagusia Gabon Abesbatzaren falta izan da, Musika Banda behin betiko zuzendariaren hautaketa-prozesuan baitago. Sei pieza interpretatu dituzte gaurkoan, besteak beste, En un Mercado Persa (Albert W. Ketelbey), Cuadros de una Exposición (Mussorgsky – mold. J. Curnow), Ator, Ator (Tomás Aragües), Mirando al Mar (Mtro. Martin), Oregón (Jacob de Haan) eta Nino Bravo en concierto (mold. M. Calero García).




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide