Uztaila 2026
— 2026-08-25Irakurri 284. zenbakia hemen.

Amabirjin jaiak hasi besterik ez dira egin, eta bigarren egunak ere ekitaldi ugari bilduko ditu. Aldarrikapenek beti izaten dute lekua festetan, eta gaurko eguneko lehen hitzorduan nafartasunari gorazarre egin diote, Urolakoen Nafar Zuztarrak eta Nabarraldek antolatutako ekitaldian.
11:30ean abiatu da kalejira, Idiakaitz Txistulari Taldearen doinuek lagunduta. Erdikalea zeharkatu ostean, Laranjadi plazaraino iritsi dira goizeko protagonistak. Bertan, nafartasunari gorazarre egin diote, eta bertsoek, aldarrikapenek, txistu eta trikiti zein pandero doinuek girotu dute ekitaldia. Urteroko legez, Luis Beltzaren Ikasberri ikastolako dantza eskolako kideek hainbat dantza eskaini dituzte. Ekitaldiari amaiera emateko, dantzariek kalejiran agurtu dituzte bertaratutakoak.
Laranjadiko ekitaldia oraindik amaitu gabe zegoela, 12:00etan hasi dira Erremontari Herriz Herri Txapelketako partidak kiroldegiko frontoian. Bi partida jokatuko dira. Lehenengoan, Aiestaran VII.ak eta Joseba Goikoetxea herritarrak, Goikoetxea VI.ak, Deskarga eta Aiestaran VI.a mendean hartu dituzte. Une honetan, bigarren partida jokatzen ari dira: Aldabe eta Larrañaga ari dira nor baino nor Goikoetxea V.aren eta Azpirozen aurka. Bi partidak hamabost tantora jokatuko dituzte, eta hirugarrena, zortzi tantora.
Goizean ez ezik, arratsaldean ere ekintza ugari izango dira. Hona hemen gaurko egitaraua:
17:30. Herriko bandaren, dultzaineroen eta txistularien kalejira, lehen zekorketa iragarriz.
18:00. Gurea Kultura ekimenak antolatuta zezenketen alternatiba kontzertuak estazio aldean: Gailu eta Ithaka.
18:00. Boli kalean haurrei zuzendutako kale antzerkia, kiroldegiko aterpean. Pantzart-ek eginda.
18:00. Lehen zekorketa. Toreatzailea: Pedro Gomez Barbon. Ordezkoa: Victor Mencia Sanchez. Ganadutegia: Adolfo Rodriguez Montesinos (Toledo, Espainia).
Ondoren, Lopene ganadutegiko zezen bolaztatuak.
Ondoren, Zestoako Banda Erdikalean.
21:00. Argizulo dub station, Costmix eta 3re DJak.














































