Albisteak
[ARGAZKIAK] Palestinaren aurkako azken erasoak salatzeko bildu ziren atzo
— 2025-04-09“Lurra, justizia, bakea. Genozidioa stop” lemapean 75 lagun inguru elkartu ziren atzo plazan Gernika-Palestina herri ekimenak deituta.
Jarraian elkarretaratze amaieran irakurritako testua:
Beste behin elkartu gara, Palestinako herriaren eta gizateriaren aurkako azken erasoen aurrean gure salaketa ozena adierazteko! Nahikoa da esateko! Eta hemendik, Euskal Herria deritzon munduaren txoko honetatik Palestinako herriari gure maitasuna eta babesa helarazteko. Haritzaren herritik olibondoaren herrira. Gernikaren herritik Gazaren herrira.
Jasanezina egiten zaigu Israelen eraso bakar bat gehiago.
Jasanezina handik iristen zaigun odolezko eta sufrimenduzko irudi bakar bat gehiago.
Jasanezina hainbat herrialderen eta erakunderen konplizitatea.
Jasanezina konponbideen pausoak eman beharrean, genozidioarekin aurrera egitea.
Jasanezina eta onartezina da genozidio anker honek segundo bakar bat gehiago jarraitzea mundu osoaren begien aurrean.
Begi guztiak Palestinan ditugu eta hemendik, Euskal Herritik mundu osoan bidegabekeria eta izugarrikeria honen aurka ari den aldarriarekin bat egiten dugu.
Palestinako herriaren eskubide legitimoekin bat eginez, hemen bildu garen euskal herritarrok ere adierazten dugu ez dugula onartuko Palestinako herriaren errekonozimendua eta Israelen okupazioaren amaiera ez den beste soluziorik.
Eta irmo adierazten dugu, behar den guztietan jarraituko dugula salatzen Israelen bihotz gabeko gerra politika sionista genozida eta berarekin bat egiten duen ororen konplizitatea.
Palestinaren borroka, justizia unibertsalaren aldeko borroka da, genozidio ororen aurkako borroka da, giza eskubideen eta herrien eskubideen aldeko borroka da. Gutako bakoitzaren eta gure seme alaben etorkizuneko munduaren borroka da.
Euskal Herritar guztiei dei egiten diegu mobilizazioei adi egoteko. Ez kentzeko begirada Palestinatik. Jarraitzeko hemendik salatzen eta konponbidearen aldeko bidea zabaltzen.
Palestina, zurekin gaude! Ez zaitugu inoiz bakarrik utziko!
GORA PALESTINA ASKATUTA!
Egin zaitez bazkide