Albisteak

[ARGAZKIAK] Txistularien alardeak frontoia bete zuen, ez daudenei omenaldi hunkigarria eginez

Frontoia txiki geratu zen atzo Zestoako Txistulari Alardea hartzeko. Hiru urtetik behin egiten den hitzordu bereziak jendetza bildu zuen, eta harmailak goraino bete ziren kontzertuaz gozatzeko. Hasiera batean plazan egitea aurreikusita bazegoen ere, euriak eraginda kiroldegiko frontoira lekualdatu zuten emanaldia.

Zestoak, aldi berean, Jubilatuen Eguna ospatu zuen igandean. Goizean herriko edadetuenak omendu zituen Udalak, eta arratsaldean herri kirol erakustaldia eta txistularien alardea izan ziren protagonista.

Kontzertuak lehengo eta oraingo abesti ezagunen errepertorio zabala eskaini zuen, txistuekin interpretatua eta hainbat instrumenturen, Zumaiako San Pedro Abesbatzaren, metal boskotearen eta eskolako haur kantarien laguntzaz. Itxaropena dantza taldeak ere hartu zuen parte emanaldian.

Garikoitz Mendizabal herritarrak zuzendu zuen alardea, eta aurkezle lanetan Jon Artano aritu zen. Aurkezleak ekitaldia gidatuko zuten emozioei buruz galdetu zionean, Mendizabalek adierazi zuen musikariekin adostu ondoren jada ez daudenei omenaldia egitea erabaki zutela. Gai triste bati heldu bazion ere, kontzertuak pozetik egin zuen, giro berezia eta aldi berean alaitsua sortuz.

Txistulariei laguntzen, hainbat musikari ezagun igo ziren oholtzara: besteak beste, Julen Alonso, Uxue Kerejeta eta Oriotik etorritako Imanol eta Iratz Urkizu aita-alabak. Haiekin batera, Amaia Aldalurrek zuzentzen duen Zumaiako San Pedro Abesbatza eta metal boskotea ere aritu ziren.

Ekitaldiak herriko musikariei ere lekua eman nahi izan zien. Horrela, Nerea Mendizabal, Agurtzane Auzmendi eta Joritz Zunzunegi izan ziren protagonista.

Emanaldia txalo zaparrada bero batekin amaitu zen, publikoak musikariek eskainitako omenaldi hunkigarri eta alaiari egindako erantzun argi gisa.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide