Arozena hoteleko urzale portugaldarra
— 2018-07-02Aurreko astean Danbolin aldizkarian aipatu genuen zer nolako arrakasta izan zuen Zestoak eta inguruak portugaldarren artean. Asko ikertu gabeko kontua da baina hona etortzen ziren batzuk behintzat ezagutzen ditugu. Horietako bat aipatuko dugu gaur hemen: Manuel Marques Gastão (1914-1995) idazle, kazetari, hizlari, ikertzailea.
O Século eta Diário da Manhã egunkarietako erredaktore eta gainerako egunkari portugaldar gehienetako kolaboratzaile izan zen Marques Gastão. Lisboako aireportuko prentsa kabineteko buru ere bai eta Agência de Notícias e Informação albiste-agentziaren sortzailea. Fundação Calouste Gulbenkian Lisboako museo ospetsuko prentsa arduradun ere izan zen 22 urtean. Literatura arloan, berriz, lan mordoxka bat argitaratu zuen, 70 liburu inguru, baina esan dugun bezala kazetaritzan egin zuen lanik gehiena. Aipagarria da zenbat goi mailako politikari eta jende ospetsu elkarrizketatu zituen, esate baterako, Brasilgo bizpahiru presidente, Italiako ministroak, estatu batuetako Eisenhower eta Truman presidenteak, Winston Churchill, Mexikoko hainbat presidente, Joan XXIII.a eta Joan Paulo II.a aita santuak… Horiez gain, literatura, musika eta zine munduko goi mailako idazle mordo bat ere elkarrizketatu zituen.
Marques Gastão Zestoan egona zen uda pasatzen, eta 1961eko abuztuan hemengo Periodikuak elkarrizketa egin zion. Izenburuak berehala eragiten du arreta: “Marques Gastão, idazle eta kazetariak, Zestoako egonaldia aprobetxatuko du Gipuzkoari buruzko nobela bat idazteko”.
Behin eta berriz egin ohi dugun baieztapenarekin hasten da elkarrizketa: “Zestoak ospe handia du Portugalen. Udaro, politika, artea eta letra arloko hainbat pertsona ospetsu etortzen dira gure aldameneko herrialdetik Zestoara. Eta urtero, asko dira bertako ur sendagarrien bataioa jasotzen dutenak”. Gastãok dioenez, “Lisboan oso ondo hitz egin zidaten Zestoaz. Arrazoi zuten eskualde honetako eta bereziki Zestoako bikaintasunak kontatzean”.
Goraipamen horien ondotik, politika gaiez galdetzen dio Marques Gastãori, hain zuzen ere, Angolako arazoez. Portugalgo kolonia zen Angola eta 1961ean hasi zen askapen-gerra antikolonialista. Gero, berriz, Europako Ekonomia Erkidegoa dute hizpide. Baina –dio kazetariak– “Marques Gastão, arlo pertsonalean, benetan kezkatzen duena da Gipuzkoaz eta bertako biztanleen idiosinkrasiaz egiten ari den azterketa. Gastão oraingo idazle portugaldarren artean ospetsuena da eta 23 liburu inguru argitaratu ditu, nobela, ipuin eta entseguak”.
Eta jarraitzen du: “Ba, Marques Gastãoren hurrengo nobelak Zestoa eta Gipuzkoa izango ditu gaitzat. Bi pertsonai nagusiren arteko maitasun-harreman bat, gipuzkoarren izaera islatuko duena”. Kazetaria saiatzen da nobela horren gaiaz sakontzen baina Gastãok, irribarrez, zera esaten dio: “Ez nazazu behartu azalpenak ematera. Oraindik ideiak besterik ez dauzkat, apunte batzuk, baina besterik ez. Oraintxe bertan, Gipuzkoaz hainbat artikulu idatziko ditut Portugal, Angola eta Mozambikeko egunkarietarako. Beti da ederra idaztea benetan atsegina eman dizueten gauzez”.
Eta elkarrizketaren amaieran, Gastãoren bizimodua nolakoa den Zestoan aipatzen digu egunkariak: “Arozena hotelean, Marques Gastãok bizimodu atsegina darama: ur onuragarriak hartzen ditu eta paisaiari begira egoten da, inguruko pertsonei, jende xumearekin hitz egiten du eta, finean, bere ustez Euskal Herria nolakoa den zirriborratzen du”.
* * *
Post Scriptum: El Diario Vascok, alegia, Periodikuak, 1961eko abuztuaren 2an argitaratutako elkarrizketaren berri aspalditik nuen. Harrezkero, astebeteko egonaldia egin dut, oraindik orain, Lisboan. Aukera aparta nuen, hango Liburutegi Nagusira joan, eta Zestoan eta Gipuzkoan oinarritutako nobela hura zertan geratu zen jakiteko, baina, nola izaten diren gauzak, ez zitzaidan burutik pasa ere egin, ez nintzen akordatu ere egin Manuel Marques Gastãoz, Arozena hoteleko urzale portugaldarraz. Zin egiten dizuet hurrengo batean emango dizuedala horren berri.
Egin zaitez bazkide