Otsaila 2026
— 2026-03-02Irakurri 279. zenbakia hemen.

Atzo arratsaldean egin zuten Arroa Beheko VIII. ipuin lehiaketako sari banaketa, Korrika auzotik igaro aurretik. Aurten ere Ezkaizto Auzo Elkarteak antolatu du ekimena, Arroako eskolaren laguntzarekin, eta guztira 32 ipuin aurkeztu dira, iaz baino bost gehiago.
Antolatzaileek adierazi zutenez, “pozgarria da hogeita hamabi auzotar folio zuriari irudimenarekin aurre egitera animatu izana”. Epaimahaiak ere lanen kalitatea nabarmendu zuen, eta “maila orokorra oso ona” izan dela azaldu zuten, saridunak aukeratzea “bereziki zaila” egin zaiela gehituz. Halaber, aurkeztutako lanetan “egungo gai interesgarriak eta barne sentimenduak” landu direla azpimarratu zuten. Epaimahaia Joseba Ossa eta Dani Aizpurua itzultzaileek eta Jone Carbonell Arroako eskolako irakasleak osatu dute.
Ipuinak irakurtzeko aukera:
Aurreko urteetan bezala, aurkeztutako ipuin guztiekin liburuxka osatu dute, eta Txara dendan dago eskuragarri, auzotarrek txandaka irakurri ahal izan dezaten. Gainera, parte hartu duten ipuinen irakurketa egingo dute, hala nahi duten egileekin, apirilaren 22an egingo den Ipuinen katea ekitaldian.
LH 1-2
Idazlea: Haitz Mujika
Ipuina: Baserrian
Epaimahaiaren iritzia: “Hurbileko istorioa ondo kontatu duelako, misterioa amaieran egoki argituz.”
LH 3-4
Idazlea: June Egaña
Ipuina: Nire lagunak ez du euskaraz hitz egiten
Epaimahaiaren iritzia: “Ipuin xamurra, era politean idatzia, tartean denbora salto bat duelarik.”
LH 5-6
Idazlea: Mara Giusti
Ipuina: Izenbururik gabeko liburua
Epaimahaiaren iritzia: “Istorio benetan originala da, ikuspegi oso berezia erakusten duena; jario handia erakutsi du egileak eta liburuekiko maitasuna.”
Aipamen berezia: Izar Iribar – Esperimentu magikoa
Helduak
Idazlea: Maria Iribar
Ipuina: 12 pauso
Epaimahaiaren iritzia: “Egin nahi eta egin behar denaren arteko gatazka kontatzen du, eszena labur bezain indartsuan, norberari atsegin ematearen mugak. Hizkuntza aberatsa dauka.”
Aipamen berezia: Miriam Aizpuru – Eraldeten bira
