Albisteak
Arroabea Herri Hezitzailearen laugarren bilera egin zen atzo
— 2024-11-13Arroabearrak atzo laugarren aldiz bildu ziren, OinHerri taldearen laguntzarekin, garatzen ari diren prozesuari jarraipena emateko. Herritar eta eragile ezberdinak elkartu ziren bertan, Sakulupe Guraso Elkarteko kideak, Ezkaizto Auzo Elkartekoak, Arroako eskolako zuzendaria, Gazteriako udal teknikaria, Udaletxeko zinegotziak, Txara Kooperatibako kideak eta prozesu honen baitan sortu berri den Txepetxa Aisialdi Elkarteko kideak.
Martxoan hasi zen prozesua eta auzoaren diagnostiko batetik abiatu ondoren, herri hezitzailea eraikitzeko bidean, egin beharrak identifikatu zituzten. Ondoren hauen artean lehentasunak zituzten erronkak erabaki eta hauei aurre egiten jardun dute urtea. Egindako lanaren emaitzak dira, urriak 12an egindako harrera eguna eta auzoan sortutako udaleku eskaintza egitetik sortu den taldeak martxan jarri duen Txepetxa Aisialdi Elkartea. Atzokoan, orain arte egindakoaren berrikusketa egin zuten, eta bidean izandako oztopo eta arrakasten ingurua aritu ziren. Horretaz gain etorkizunerako hainbat lan zehaztu zituzten eta auzoaren kohesioa indartzeko neurriak ere eztabaidatu zituzten.
Hurrengo bilera, 2025eko otsailaren 18an izango dela zehaztu zuten 17:00etatik 20:00etara elkargunean.
Egin zaitez bazkide