Abendua 2025
— 2025-12-29Irakurri 277. zenbakia hemen.

Gaur arratsaldean, otsailaren 10ean, Arroabeko frontoia urpean geratu da arratsaldeko 17:30ak aldera, euriaren ondorioz arketa batek kolapsatu ostean.
Egoerak kezka sortu du inguruan, eta auzotarrek berehala esku hartu dute, terrazetako mahaiak erabiliz ura bideratzeko. Horrela, Ederki elkartean eta frontoiaren inguruko garajeetan ura sartzea saihestu dute.
Udaltzainei abisua pasa eta jarraian, suhiltzaileak bertaratu dira lekura, eta haiek arduratu dira kirol instalazioa hustu eta egoera kontrolpean jartzeaz.
Bestalde, Mikel Arregi alkatea ere bertaratu da gertalekura. Udaleko ordezkariek Danbolini jakinarazi diotenez, udal brigadak gaur goizean bertan Narkis Balenciaga kaleko kanalizazioa berrikusi du, kanalean arazoren bat egon zitekeela ohartarazita baitzegoen. Hala ere, arratsaldean jazotakoaren ondoren, arazoa gorago egon daitekeela uste dute.
Udalak gertatutakoa aztertzen jarraitzen du, eta antzeko egoerak berriro ez gertatzeko neurriak hartzeko asmoa azaldu du.