Abendua 2025
— 2025-12-29Irakurri 277. zenbakia hemen.

Ohiko moduan, Txepetxa aisialdi taldeak haurrentzako saioak eskainiko ditu Elkargunean, urtarrilean (16 eta 30), otsailean (13 eta 27) eta martxoan (13 eta 27), bi ordutegitan banatuta: HH (17:00–18:00) eta LH (18:00–19:00). Izena emateko, txepetxaaisialdiakm@gmail.com helbidera idatzi behar da.
Urtarrilaren 20an, San Sebastianetako danborrada egingo dute eskolan, 12:00etan, eta eskolako ateak zabalduko dira ikustera joan nahi duen ororentzat.
Otsailean, Santa Ageda ospakizunek hartuko dute lekukoa. Otsailaren 4an, eskolako haurrek santa-eskea egingo dute baserriz baserri eta kalez kale. Otsailaren 7an, berriz, Arroako santa-eskea izango da, Xabat Illarregi eta Eneritz Artetxe bertsolariekin. Goizean trikitilariek lagunduta baserrietan ibiliko dira, eta eguerdian Ederki Elkartean bazkaria eta jarraipena egingo dira arratsaldean. Bazkarirako izena otsailaren 5a baino lehen eman beharko da Txaran.
Urtero bezala, sagardotegirako zita ere izango da, otsailaren 28an Aburuzara sagardotegira irteera antolatu dute.
Literaturak ere badu bere tokia egitarauan: ipuin lehiaketarako lanak martxoaren 6ra arte aurkeztu ahal izango dira.
Inauteriak otsailaren 13an ospatuko dira: arratsaldean haurrentzako jaialdia eskolan eta ondoren Txepetxan; 19:00etan talo-jana Ederki Elkartean, taberna moduan zabalik egongo dena, eta gero mozorratuta herrian zehar ibiliko dira (gaia aurrerago zehaztuko da). Martxoaren 8an, Emakume Langileen Eguna dela eta, egitarau berezia iragarri dute, xehetasunak aurrerago emango direlarik.
Euskararen aldeko giroa ere nabarmenduko da Korrikaren bueltan, martxoaren 24an “Euskara hala hil, Euskararen egoera eta etorkizuna” hizaldia eskainiko da, eta martxoaren 25ean Korrika Txikia egingo dute arratsaldean, eskolatik plazara, ondoren txokolatada eginez. 17:30 aldera Korrika Arroara iristea espero da.
Korrikaren arira antolatutako ekintzekin emango zaio neguko egitarauari amaiera eta, martxoaren 27an bertso-afaria izango da.