Albisteak

Arroabeko herritarrek batzorde bat eratu dute Bidegorriaren alde lan egiteko eta aurrera begira eskualde osora zabaldu nahi dute ekimena

Ostiralean “Bidegorria Arroaraino iritsi dadila” lematzat hartuta bilera egin zuten Arroabeko herritarrek. Bileran osatutako batzordearen iritziz “egindako bilera erabat arrakastatsua izan zen, aurreneko bilera baino ez bazen ere, 60 lagun inguru bildu baikinen eta gimnasioa txiki gelditu baitzen”.

Lehen bilera horretan, hainbat helburu zehaztu zituzten, eta honako puntu hauek bertan hartutako erabakiak laburbiltzen dituzte:

  • Arroarron bizi kalitatea nabarmenki hobetuko duenez Urola bailara elkartuko duen Bidegorria amaitzea eskatzen dugu eta horren alde lan egiteko Auzo Elkartearen babes osoa izango duen Batzordea eratu dugu. Batzorde honek eramango du lidertza baina Arroar guztion inplikazioa behar beharrezkoa izango da.
  • Gertutasunagatik eta epe motzera guretzat bideragarriagoa delako, lehentasuna Arroatik Narrondora doan bide zatiak (amaitzeko kilometro bat baino ez da falta) baldin badauka ere, oso argi daukagu gure helburua falta den bide zati osoa amaitzea dela, Iraetatik Narrondora doana alegia.
  • Honekin lotuta, Bidegorriarekin batera ‘Bombas Azcue’ parean dagoen bidegurutzean biribilgunea (rotonda) egitea eskatzen dugu, istripu ugari egoten diren puntua baita. Bidegorriaren obrak bertatik igaroko direnez, biribilgunea egin eta gure herriari sarrera duin bat egiteko baliatzea eskatzen dugu, beraz.
  • Legazpitik Zumaiaraino joango litzatekeen bide hau egitea eskualde osoarentzat da onuragarria eta gure borroka eskualde osora zabal dadin lan egingo dugu. Hasteko, bidea igaroko den beste auzoetara (Narrondo, Arroagoia eta Iraeta) zein Zestoara, eta gerora, eskualdeko gainerako herrietara.
  • Bi lan ildo nagusi izango ditugu: alde batetik, bide instituzionala (udala, diputazioa…) eta bestetik, herri ekimenak.



https://danbolin.eus/wp-content/uploads/2024/05/azokad_Mesa-de-trabajo-1-scaled.jpg