Albisteak

Arroabeko Kutsaduraren Aurkako lan taldeak sinadura bilketa abiarazi du

Arroabeko Kutsadudraren Aurkako lan taldeak sinadura bilketa abiarazi du, auzoko airearen kutsaduraren aurrean egoera aztertu eta konpontzeko neurriak har daitezen eskatzeko. Iragan martxoan hasi ziren biltzen auzotarrak, arazoari aurre egiteko asmoarekin.

“Bizilagunek antzeman dituzten zantzuek Gri Castings S.L enpresaren isuriak egoeraren arrazoia direla adierazten dute, enpresa honen aktibitatearen intentsitatearen araberakoa izaten baita bizilagunek nabaritzen dituzten hauts beltzaren eta herdoil partikulen kopurua. Jakin badakigu, 2019. urtean enpresaren ke beltzaren isuriengatik eta inguruko autoetan nabarmena zen herdoil kaparengatik, airearen kalitatea neurtu zela eta adierazle guztiak neurri egokietan kokatu zirela” azaldu dute taldeko kideek. 2022ko lehen hilabeteetan, ordea, auzotarrek ez ohiko hauts pilaketak nabaritu dituzte euren terrazetan, eta horrek kezka sortu du bizilagunen artean. Hori horrela, sinadurak eta material grafikoa (argazkiak, bideoak…) biltzen hasi dira.

Sinadurak Txara dendan, Ainhara ile-apaindegian, Txomin tabernan eta Alekar gasolindegian bilduko dituzte. Asteburuan Sanisidroen baitan antolatuko diren ekitaldietan ere mahaia jarriko dute. Sinadurak biltzen dituztenean udaletxera eramango dituzte eta Udalak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailera bideratuko ditu. Auzotarren helburua Eusko Jaurlaritzari egoeraren berri ematea da, eta egoera aztertu eta konpontzeko neurriak hartzea eskatuko dute.

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide