Albisteak
Arroabeko VII. Ipuin Lehiaketaren sari banaketa egin zuten atzo
— 2025-04-03Atzo arratsaldean, asteazkenez, Arroabeko zazpigarren Ipuin Lehiaketaren sari banaketa ospatu zen. Lehiaketa hau 2019tik geroztik urtero antolatzen du Ezkaizto Auzo Elkarteak, Arroako eskolaren laguntzarekin.
Aurtengo edizioan 27 ipuin aurkeztu dira, lau mailatan banatuta. Maila bakoitzean, ohikoa denez, sari bat eman du epaimahaiak. Epaimahaia honako hauek osatu dute: Joseba Ossa eta Dani Aizpurua itzultzaileak, eta Amaia Sarriegi eskolako irakaslea.
Saritutako lanak honako hauek izan dira:
Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. maila:
Ume arraroa, Adonai Etxeberriak idatzia. Epaimahaiaren ustez ipuin borobila da, ongi idatzia eta formalki egokia. Gainera, adin horretan autismoa gaitzat hartzea azpimarratzekoa iruditu zaie.
Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. maila:
Ilargiko abenturak, Jare Manterolaren lana. Irudimenez betetako kontakizuna dela nabarmendu dute, ongi harilkatua eta amaiera polita duena. Kategoria honetan maila ona egon dela azpimarratu dute, eta aipamen berezi bana egin nahi izan diete honako ipuinei: Laiaren ipuina (Mara Giusti) eta Naranjen uhartea (Irati Iribar), bien originaltasuna goraipatuz.
Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. maila:
Alaia eta eskolako misterioa, Nahia Doñelfarenaren ipuina. Ondo jositako istorioa dela esan dute, koherentzia eta suspensea uztartzen dituena, eta irakasgai interesgarria eskaintzen duena.
Helduen maila:
Katebegiak, Maria Iribarrena. Narrazioan hautatutako pertsonaia narratzailearen ikuspegia kontuan hartuta, bidaia estatiko baten kontaketa da, urtaroen eta belaunaldien aldaketa irudikatzen dituena. Bizitzaren eta heriotzaren arteko kontrastea nabarmendu dute. Aipamen berezia jaso du, era berean, Ama izeneko ipuinak, Josune Larrañagarena.
Ipuin guztiekin liburuxka bat osatu dute, eta Txara dendan jarri dute eskuragarri, auzotarrek txandaka irakurri ahal izan dezaten. Iaz bezala, parte-hartzaileek ipuinak irakurtzeko aukera izango dute Ipuinen katea izeneko jardueran. Ekitaldi hau apirilaren 8an izango da.
Egin zaitez bazkide