Arroako neskatxa maitasunak kantatzen

Antonio Trueba idazle bizkaitarraren (1819-1889) ikuspegi tradizional eta xaloa oso aipatua eta estimatua izan zen XIX. mendeko ingurune nostalgiko jakin batean, Navarro Villoslada, Goizueta edo/eta Arakistainekin batera. Askoren gusturako, ordea –niretzako ere bai– gozo gehiegi du eta grina gutxi. Baina, esan dudan moduan, oso goraipatua izan zen zenbait sektore tradizionalistetan.
Kontuak kontu, ez dakigu nondik nora, baina Arroa aipatzen du bere poesia batean –azukrez beteriko poesia batean– eta, ondorioz, interesgarritzat jo dut hona ekartzea. Joan Erentxun zenak eraman zuen poesia hori bere liburu batera, eta hari esker ezagutu nuen nik.
Beti esaten dut hizkuntza bakoitzak bere edertasunak dituela, eta gertatzen da euskaraz oso polita eta musikalitate handiko hitza dena, zeharo “kakazten” dela itzultzerakoan. Gauza bera gertatzen da soinu bikaineko gaztelerazko hitzak euskaraz jartzean. Ezaguna da italierazko esaera “traduttore, traditore”, alegia, itzulpena traizio bilakatzen dela. Nik behintzat euskarara moldatzerakoan gozo puntua kendu diodala uste dut, agian, mikatzegia bihurtzeraino. Horregatik, erdarazkoa ere jartzea beharrezkoa iruditu zait.
Hemen duzue ba…

Maitasunak kantatzen,  
egunsentia urratzen,
Arroako neskatxa
Zumaiarako bidean.
Bere kantuei erantzuten
txoriak adarretatik
eta Urola lautadatik;
mutila, berriz, menditik.
Bere ilekorda horiek
hegan, haizearen ibilian,
eta bere masail ederrek,
irribarre atseginez,
Donostiako krabelinak
dirudite gorriminez.

—Ai, Arroako neskatxa
ez hadi itzul mendira,
Ernioko haizeak
beltzaran jarriko haun eta.
—Gurasoak ditut herrixkan.
—Festak izango dituzu hirian.
—Ezkongairik badut han.
—Arima emango dizuena, hemen.
—Jauna, baserrietan
kanta hau abesten da:
«Oroitu zaitez txindurriaz
hegan egitea baduzu amets,
nola galtzen duen gorputza
hegoak hazten ari denez».

 

Cantando va sus amores
al despuntar la alborada
la caserita de Arrona
caminito de Zumaya,
y a sus cantares responden
las aves en la enramada
y el Urola en la llanura
y el mutilla en la montaña.
Sus rubias trenzas de pelo
flotan al soplo del aura
y sus mejillas hermosas,
que arquea sonrisa plácida
claveles de Donostía
parecen en lo encarnadas.

—¡Ay! caserita de Arrona
no tornes a la montaña,
que las ventiscas del Hirnio
morena pondrán tu cara.
—Tengo padres en la aldea.
—Tendrás en las villa galas.
—Allí hay quien me da su mano.
—Y aquí quien te da su alma.
—Señor, en los caseríos
suele cantarse esta canta:
«Acuérdate de la hormiga
si de volar tienes ansia,
que hasta el cuerpecito pierde
cuando le nacen las alas».

Argazkia: Hauek ere Arroako neskatxak ote? Narkis Balentziagaren (Arroa, 1905 – Mexiko, 1935) margolana (zati bat). https://artist-nude.blogspot.com.es/2016/05/narciso-balenciaga-altuna.html




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide