Azaroa 2025
— 2025-12-03Irakurri 276. zenbakia hemen.

“Arroa Behea Hezitzailea” izena daraman ekimenak hezkuntza-eragile ezberdinen arteko estrategia partekatua eraikitzea eta hezkuntza osotasunean lantzea du helburu, modu integralean. Proposamenak Arroabeko auzotarrekin lan egitea, erronkak identifikatzea, lehentasunak adostea eta guztion onurarako plan partekatua zehaztea dakar.
Oinherri udalerri hezitzaileen sustapenerako elkarteak proiektu berritzaile honetan Zestoako Udalari aholkularitza eta laguntza eskaintzeko konpromisoa hartu du. Su motelean, bata bestearen erritmoak errespetatuz eta parte hartzaileak gainkargatzea saihestuz, hiru saio programatu dira 2024ko lehen hiruhilekoan zehar. Saio guztiak Arrobeko elkargunean izango dira.
Proiektu honek Arroan hezkuntza hobetzeko urrats esanguratsua izateaz gain, auzoan hainbat eragileren arteko elkarlanaren garrantzia nabarmentzen du. Epe luzerako arrakasta lortzeko ezinbestekoa da hezkuntza-komunitateak elkarrekin lan egiteko erronkak identifikatu eta partekatutako estrategiak garatzeko espazio bat sortzea.
Antolakuntza taldea ilusioz dago hezkuntza komunitatea sendotzeko eta Arroabeko hezkuntza etorkizun sendo eta parte-hartzaileago bat eraikitzeko aukerarekin. Ziur daude proiektu honek tokiko hezkuntzan aldaketa positibo eta iraunkor batean lan egiten jarraitzeko oinarriak sendotuko dituela. Izan ere, duela urte batzuk eskola berria eraiki zen garaian, egin zituzten antzerako prozesu parte-hartzaileak eta auzoari onurak ekarri dizkiotela nabarmena da. Eredu argiena, auzoak dituen lokal ezberdinetan garatzen diren neguko aisialdirako plangintza osoa da.
Beraz, prozesu parte hartzailea asteartean, urtarrilaren 16an, hasiko da eta ondorengo bi datak ere zehaztu dituzte jada.
1. SAIOA, urtarrilak 16, 18:00- 20:00 Diagnosi partekatua (non gaude?)
Hezkuntza modu integral batean ulertuta Arroabean jadanik burutzen diren egitasmoak zerrendatuko dira. Egitasmoa hauek aurrera eramaten lan egiten duten eragileak identifikatu eta euren arteko elkarlan edota sinergiak aztertuz. Herriko hezkuntza arloaren argazki bat egitea izango da saio honen helburua, indarguneak eta ahulguneak identifikatuz, erronkak definfintzeko.
2. SAIOA, otsailak 6, 18:00-20:00: Hezkuntzarako herri estrategia (nora joan nahi dugu?)
Herri hezitzailearen filosofiak, hezkuntzatik herri estrategia aberasteko ematen dituen aukerak mahai gaineratuko dira. Herri bezala ipar konpartitu bat eraikiko da, hezkuntzatik burutzen diren egitasmo guztientzako testuingurua kokatuz. Norabide horretan erronkak definituko dira eta lehentasunak adostu.
3. SAIOA, martxoak 12, 18:00-20:00: Plangintza partekatua (nola joango gara?)
Arroabeko hezkuntza elkargunea ezaugarrituko da azken saioan. Aurreko saioan definitutako ipar partekaturantz joateko, guztien elkarlanerako gunea izango den elkarguneari forma emanez. Hezkuntza elkargune ezaugarrituko da; maiztasuna, funtzionamendua, elkarrekin egin ditzakegun ekintzak eta baliabideak identifikatuz. Plangintza partekatua definituko da.