Albisteak

Artisau Garagardo Festa izango da irailaren 30ean eta urriaren 1ean Zestoan

Argazkia: Urola Erdiko Kontseilu Sozialista

Oinarrizko produktu eta elikagaien biltegia hauspotzeko asmoz, artisau garagardo festa antolatu du Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak Zestoan. Irailaren 30ean eta urriaren 1ean izango da, kiroldegiko aterpean.

Bi egunetarako egitarau oparoa antolatu dute. Irailaren 30ean, ostirala, hasiko da festa, arratsaldeko 18:00etan. 19:00etan, Izar-Haitz garagardoaren azalpena emango dute bertako arduradunek, eta 22:00etan, Ktarsia taldearen kontzertuaz gozatzeko aukera izango da.

Urriaren 1ean, berriz, oinarrizko produktuen eta elikagaien bilketa egingo dute goizeko 11:00etatik 13:00era bitartean Gesalaga kalean. 14:00etan, bazkaria izango da kiroldegiko aterpean, eta 16:30ean mus txapelketa jokatuko da (parte hartu nahi dutenek 16:00etan eman beharko dute izena). Iluntzean, musikak hartuko du protagonismoa; izan ere, bertsio gaua izango da 22:00etatik aurrera.

Bazkarirako txartelak dagoeneko eskuragai daude Zestoako Portale eta Azpeitiko Haginpe tabernetan, hamar euroren truke. Txartelak erosteko azken eguna irailaren 28a izango dela azpimarratu dute antolatzaileek. Bestalde, bi egunetan afaltzeko aukera izango dela jakinarazi dute.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide