Albisteak

Aspanogi Elkarteari laguntzeko “Zumba beraien alde” egitasmoa antolatzen ari dira Arroabeko Zumbako taldekideak

Arroabeko zumba taldetik sortutako ekimenari esker, elkartasun master class handi bat antolatzen ari dira datorren otsailaren 22rako, Zumaian. “Zumba beraien alde” izena izango duen ekitaldia Zumaiako kiroldegian egingo da, eta helburua Aspanogirentzat (Gipuzkoako Minbizidun Adingabeen Familien Elkartea) dirua biltzea izango da.

Antolatzaileek azaldu dutenez, ekimena auzoko familia bati laguntzeko asmoz sortu da; izan ere, familia hori Aspanogiren babesa jasotzen ari da une honetan. Horregatik, dantza eta kirola uztartuz, haur minbiziaren aurkako elkartasun-keinu kolektibo bihurtu nahi dute egitasmoa.

Ekitaldia zumba master class berezi batek osatuko du, Madrildik eta Bilbotik etorriko diren irakasle profesionalek gidatuta. Antolatzaileen arabera, maila guztietara egokitutako saioa izango da, giro alaia eta parte-hartzailea sortzeko helburuarekin, eta Zumaia zein inguruko herrietako edonorentzat irekia egongo da.

Parte hartzeko deia egin dute antolatzaileek
Master class-ean parte hartzeko sarrerak urtarrilean jarriko dituzte salgai. Bien bitartean, antolatzaileak babesle eta laguntzaile bila dabiltza, ekimena ahalik eta sendoen aurrera eramateko. Hori dela eta, antolakuntzan lagundu edo ekimena babestu nahi duen edonori dei egin diote.

Laguntzeko prest dagoenak edo informazio gehiago nahi duenak 676 348 075 zenbakira idatz dezakeela jakinarazi dute antolatzaileek. Haien hitzetan, “dantza bakoitzak balio dezake haur minbiziaren aurkako borrokan itxaropen pixka bat gehiago emateko”.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide