Albisteak

Asteburu honetan hasiko dira Korrika girotzeko ekitaldiak Zestoan

Aurten, Korrika bi aldiz igaroko da herritik: lehenengo aldiz Arroabetik martxoaren 25ean, eta bigarrenez Zestoatik martxoaren 28an. Bi egunetan ere arratsaldez izango da hitzordua. Korrikaren etorreraren harira, egitarau oparoa antolatu dute datozen egunetarako.

Ekitaldien hasiera asteburu honetan bertan izango da. Otsailaren 28an, larunbata, Korrikaren aldeko mendi irteera egingo dute Xoxotera, Azkoiti eta Azpeitiko lagunekin batera. Goizeko 9:15ean abiatuko dira, eta 11:30ean talde argazkia aterako dute tontorrean; ondoren, mokadutxoa egingo dute. Mokadurako txartelak Portalen daude salgai, eta antolatzaileek eskertuko lukete txartelak aldez aurretik erostea, antolaketa errazteko.

Martxoaren 20an, Aizarnan Korrika txikia egingo dute arratsaldez. Martxoaren 24an, berriz, Esnatu ala hil liburuaren aurkezpena izango da Arroabeko Elkargunean, 19:00etan, Garikoitz Goikoetxea kazetariarekin.

Martxoaren 25ean, Korrika Arroabera iritsiko da. 16:00etan abiatuko da Arroabeko Korrika txikia, eskolatik plazara, eta ondoren txokolatada eta tailerrak izango dira. 17:40 aldera espero da Korrikaren iritsiera auzora.

Martxoaren 26an, Zestoako Korrika txikia egingo dute, eta bertso-poteoa ere izango da Aitor Salegi eta Oskar Alberdi bertsolariekin.

Martxoaren 27an, berriz, bertso-afaria egingo da Arroabeko Ederki Elkartean, Jon Maia eta Unai Iturriaga bertsolariekin.

Azkenik, martxoaren 28an, Korrika Zestoara iritsiko da. Goiz-eguerdi partean umeentzako tailerrak eta bingo musikatu izango dira, Barbantxorren eskutik. 17:05ean espero da Korrikaren iritsiera herrira, eta iluntzean Hamarru txarangak girotuko ditu kaleak. 21:00etan mokadutxoa eta barrikotea egingo dituzte arkupetan.

Aurtengo Korrika martxoaren 19an abiatuko da Atharratzetik, eta martxoaren 29an amaituko da Bilbon, hamar egunez Euskal Herria zeharkatu ondoren. Euskararen aldeko lekukoa eskuz esku eramango dute milaka lagunek, herriz herri eta auzoz auzo.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide