Albisteak
[ATARIKOA] Enarak bezala
— 2023-08-29Autopistatik etxe aldera nator kotxean lanetik bueltan. Egun gogor xamarra izan dut eta nire buruarekin hizketan noa, etxera iristeko desiratzen. Baina baditut egin eta konpondu beharreko beste kontu batzuk, luzea eta ez nahi erako eguna aurreikusten dut gaurkoa. Eta bat-batean hantxe ikusi ditut zeruan parapentean enarak bezala hegan.
Hantxe gora igotzeko beharra sentitu dut. Zeruan aske, arin, neu bakarrik paisaiaz gozatzen, beheko munduaz deskonektatuta eta inongo buruhausterik gabe. Mikel Huegun, Mikel Urrestilla eta Jon Eizagirre horrela askotan sentitu direlakoan nago. Motxila hartu eta mendian gora, gero hegan jaisteko. Ederra plana!Orain dela bi uda probatu nuen parapentea. Kuadrillako baten urtebetetze egunean joan ginen, betiko bere ilusioa zela eta sorpresan. Oparia berarentzat zen, baina horrelako aukera parean eduki eta beste denok ere salto zerura! Enarak bezala.
Aurtengo udan neu ere motxila hartu eta mendian gora joatekoa naiz, baina aurten parapenterik ez. Enaren bidea egingo dut; garai batean Erronkariko neska gazteek Mauleko alpargata fabriketara lanera joateko oinez egiten zuten mendi bidea. Enarak bezala udazkenean joan eta udaberrian itzultzen ziren. Haiena, ordea, ez zen aisia. Parapentean ibiltzeko eguraldi aurreikuspenei zorrotz begiratzen diete, arriskuak ekidin behar dira eta gaur egungo teknologiei esker erraza da hori. Enaren kasuan ezin gauza bera esan. Lanagatik Pirinioetako bide gorabeheratsuak zeharkatu behar izaten zituzten, hotz, haize, euri eta elurrari aurre eginez. Askori bertan iritsi zitzaien heriotza. Txori migratzaileak dira enarak, neska gazte haiek ere halaxe ziren. Migratzaileen bideak ez dira izaten gure aisialdietako joan-etorriak bezain leunak. Zenbat malda, zulo eta muga.
Gure bizitza pribilegiatuaz nahiko jakitun, enarak bezala hegan ez, baina enaren bideetatik oinez ibiliko gara. Goian, mendian aske, arin, konpainian paisaiaz gozatzen, beheko munduaz deskonektatuta eta inongo buruhausterik gabe. Ze ederra den alturan ibiltzea eta handik behera begiratzea. Parapentetik, menditik, hegazkinetik… behean dagoen horri enarak bezala begiratzea magikoa iruditzen zait. Goitik behean ikusten edo apreziatzen ez diren zenbat detaile ikusten diren. Ondo jakingo du zertaz ari naizen Felix Lasak. Goian, oholtzan berrogei urtetik gora daramatza. Leizeko abeslariak berea abestiak egitea dela dio eta ahotsa sartzea. Bera ere goian aske; enarak bezala dantzan, hegan dabiltzanei begira.
Amaiur Aristi Arregi
Egin zaitez bazkide