Urtarrila 2026
— 2026-02-10Irakurri 278. zenbakia hemen.

Danbolinek 25. urteurrena itxi berri du. Batzuetan, halako urte borobilek atzera begiratzeko aukera ematen dute, egindako bidea gogoratzeko. Urte hauetan guztietan proiektu honi lotu zaion hari ikusezina ez da eten. 26. urteko lehen zenbakia da hau, eta beste istorio baten urteurrena ekarriko dugu gogora oraingoan.
Batzuetan, istorioak zainetik zainera doaz. Besteetan, oinetatik burura. Eta tarteka, tren zahar baten bagoi mantsoetan bezala, iraganetik etorkizunerako bidea egiten dute, triki-traka, geldialdiak eginez. Zenbaki honetako artikuluek, itxuraz elkarren artean zerikusirik ez duten arren, halako hari ikusezin batzuek lotzen dituzte: gorputza, zaintza, mugimendua eta memoria.
Urolako trenaren lehen bidaiatik mende bat beteko da aurten. Hilda dagoela esan digute askotan, baina erreportaje honek argi uzten du trenak oraindik bizirik dirauela gure imajinarioan. Txistu hots hura, geltokien inguruko tirabirak, gerra garaiko zauriak eta itxiera hura… trenbide batek bailara hura lotu zuen. Mugitzeko modu bat izan zen, baina baita harremanak, ekonomiak eta bizitzak antolatzeko ardatza ere.
Zainetik zainera doan beste istorio batek plasmaren mundura eramango gaitu. Odola ematea badakigu zer den, baina plasma zer den galdetuta, erantzunak topatzea zaila da. Erreportaje honek ezjakintasun horri aurpegia jartzen dio: boluntarioen lan isila, makinari lotutako orduak, eta “urre likidoa” deitzen dioten substantzia horrek salbatzen dituen bizitzak.
Gure oinetara begiratzea proposatzen digu Nagore Olazabal podologoak. 25 urtez oinekin lanean, gorputz osoaren mapa irakurtzen ikasi du. Oinetakoek kontatzen dutenaz, modak egiten digun kalteaz, eta prebentzioaren garrantziaz aritu da. Askotan, mina agertzen denean bakarrik begiratzen diegu oinei; berandu samar. Elkarrizketa honek gogorarazten digu gorputza osotasun bat dela, eta oinetan hasten diren desorekek gorago amaitu dezaketela.
Trena, plasma, oinak. Hiru gai, oso ezberdin. Baina denek zerbait dute amankomunean: zaintza, askotan, ez dela ikusgarria izaten, baina ezinbestekoa dela. Eta gauzak mantendu, elikatu eta zaindu ezean, geldialdiak etortzen direla. Bagoiak hustu, zainak ahuldu edo pausoak okertu egiten dira.
Zenbaki honek, beraz, ikusezinak diren hari horiei buruz hausnartzera gonbidatzen gaitu. Hartu tarte bat, merezi du eta.
Sara Matsutani