Paperekoa

[ATARIKOA] Hasi eta buka

“Españoles, Franco ha muerto”, halaxe eman zuen Arias Navarrok notizia. Batzuek atzo bezalaxe gogoratuko dute, baina 50 urte pasa dira ordutik, erraz esaten da. Orduan jaio gabe nintzen ni eta Navarroren agerraldia ezin ba zuzenean ikusi. Esango nuke Yoyes pelikulan ikusi nuela lehenengo aldiz, baina gizon xahar aurpegi triste haren aurpegia baino hurrengo irudiak gelditu zitzaizkidan gogoan: hura ­poza tabernakoena, xanpaina leporaino, trikitia, irrintzia, dantza eta festa! Hemen ere, pentsatzen dut halako ospakizunik izango zela. Egun hartan ez dakit, baina umetan ondo gogoratzen dut gurasoek nola egiten zuten 20N-ko afaria kuadrillan. Gerora konturatu nintzen zer esan nahi zuen 20N horrek. Aurten, osteguna egokitu da, eta geu ere afaltzeko elkartu gara, aitzakia gutxiagorekin ere egiten ditugu, ez? Ospakizunak izango ziren orain mende erdi, baina oraindik isilik eta kontuz pentsatzen dut. Ia 40 urteko diktadura ez baita egun batetik bestera bukatzen, arrasto handia utzi du gerora ere Franco xaharrak.

36 urte pasa zituen agintean diktadoreak, eta bizitzaren legeak kendu zuen postutik. Agonia luzea izan zen harena. Uste dut agintean den beste bat ere ari dela atzera kontaketan, aurrekoan alkatetza bukatzeko geratzen zitzaizkion hilabete eta egun kopuru zehatza entzun nion alkateari berari. Hirugarren legealdia darama udaletxean, azken biak alkate eta Mikeli ere iristen ari zaio etxe handiko bukaera. Zikloak hasi eta bukatu egiten baitira, hala behar du. Bizitzan hasierak eta bukaerak asko markatzen gaituzte, baina beharrezkoak dira. Eta etapak bukatu eta itxi egin behar dira berriei aukerak irekitzeko. Oraingoz eskuartean darabiltzan kontuak errematatu nahian dabil, eta gero? Ba auskalo… Aspaldian abandonatu samar dituen mendi eta borda galduetan imajinatzen dut nik. Kar, kar, kar!

Francoren bukaera ezin izan nuen zuzenean bizi, baina bai Txoko tabernaren itxiera. Azaroaren 30a, iluntzeko 21:40 edo izango ziren. Eskobarekin bidali gintuzten eta gure aurrean itxi zuten pertsiana. Aix… Txoko… Ume-umetako oroitzapenak ditut, gu sukalderaino sartzen ginen, liluratuta begiratzen nien barra atzeko hontzei eta orduan ikaragarri modernoak iruditzen zitzaizkidan komuneko baldosak. Gerora ere komunera bidean beti egin izan diot bisitatxoa Marikarmeni. Ez zegoen jakiterik nola erreakzionatuko zuen, purrustaren bat ez zen faltako, hori seguru! Baina hori ere maitasunez, eskalopea eta tortilla patata bezalaxe. Horiek bai manjareak! Eta Luixek eta bere hontzek argiak itzalitakoan ikusi dituztenak kontatuko balituzte… Aix… zenbat dantza, algara, ligoteo eta adar-jotze. Faltan botako ditugu. Hasitakoa, ordea, bukatu egiten dela esan dugu eta merezitako erretiroa dagokie; orain barraren beste aldean elkartuko gara!

Amaiur Aristi Arregi




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide