Martxoa 2026
— 2026-03-27Irakurri 280. zenbakia hemen.

Otsailaren 13an (ostirala) eta 14an (larunbata) ospatuko dira inauteriak Zestoako herrigunean zein auzoetan. Ostiral goizetik hasiko dira ospakizunak herriko eskoletan, eta arratsaldean, eskola ordutegitik kanpo, jai giroak jarraipena izango du larunbatera arte.
Zestoan, ostiral arratsaldean Ekain guraso elkarteak antolatutako mozorro festa egingo da, 18:00etan, udaletxeko arkupeetan. Bertan, maskara lehiaketako lanen erakusketa ikusi ahal izango da, eta ondoren lehiaketaren sari banaketa egingo dute. Larunbatean, berriz, Gaztelekuak antolatutako mozorro-desfilea izango da 18:00etan. Jaiak jarraipena izango du 19:30etik aurrera, eta afalostean, 22:30ean, DJ Bull-ek girotuko du inauteria.
Arroabean, 14:45ean kalejirak auzoa girotuko du, mozorro koloretsuz eta irribarrez betez kaleak. 15:00etan, eskolan, mozorroen aurkezpena egingo da eta ondoren dantzak eskainiko dira: Zamaltzainak, Txulalai, San Petrike, Zazpi Jauzi eta Sorginak, txalo artean. 16:00etan jaialdia patiora pasako da; familiak, irakasleak eta ikasleak elkarrekin arituko dira, trikitilarien eta txalapartaren doinuek lagunduta. Amaieran, ikasleek askari gozoaz gozatuko dute. 17:00etan Txepetxako saio berezia izango da auzoko gaztetxoentzat. Ondoren, arratsaldeko 19:00ak aldera, talo jana egingo dute Ederki elkartean.
Aizarnan ere ospatuko dira inauteriak. Goizean, eskolako ikasleek kalejira egingo dute eta plazara joango dira; bertan, talde jolasak izango dituzte. Arratsaldean, berriz, sasikoipetsu ospakizuna egingo dute Zelaian.