Urtarrila 2026
— 2026-02-04Irakurri 278. zenbakia hemen.

Txistu hotsarekin batera atera dira Kobaz Koba mendi lasterketako Zaldei ibilbideko korrikalariak. Goizean goizetik hasi da mugimendua herrian, falta zuten parte-hartzaileek dortsalak hartu, beroketak, korrikalariak animatzera kalera atera direnak, bolondresak lanean… eta 8:30ean, plazatik irten dira 28 kilometroko ibilbidea osatuko duten kirolariak, izan ere 30 ekoa izan behar zuen ibilbideak azken orduko aldaketak izan ditu.
15 kilometroko Artzei ibilbidea egingo duten korrikalariak irtengo dira ondoren, hauek ere plazatik abiatuko dira, 10:00etan. Guztira, 495 korrikalarik eman dute izena lasterketaren hamargarren edizio honetan, iaz baino 200 inguru gutxiagok.
Ibilbide luzeko parte-hartzaileak Aizarnaruntz abiatu dira, eta Santa Engrazia eta Atumetatik igaroko dira ondoren. 10:00ak aldera, Granada Errekan izango dira lehenak, eta handik San Pelaio Gaina eta Auzo Gainetik pasatuta, herriko plazan amaituko dute lasterketa. Lehen korrikalariak 11:00ak inguruan iritsiko direla aurreikusten da.
Ibilbide motzeko korrikalariak ere Aizarnara joango dira lehenik, San Pelaio Gaina eta Auzo Gainetik igaro ondoren, Ertxinako Gurutzera iritsiko dira lehen kirolariak 11:00ak aldera. Handik plazara jaitsiko dira helmugara.
Bi ibilbideetako parte-hartzaileek 13:30ak baino lehen helmugaratu beharko dute, ordu horretan amaituko baitira denbora maximoak. Sari banaketa ere ordu horretan hasiko da, plazan bertan.
Hona hemen korrikalariek egingo duten ibilbidearen inguruko informazioa:
ZALDEI BIDEA
| NON | PUNTU KILOMETRIKOA | NOIZ |
|---|---|---|
| 1. Irteera | 0 | 8:30 |
| 2. Aizarna | 3,2 km | 8:45 |
| 3. Santa Engrazia | 7 km | 9:05 |
| 4. Etumeta | 9 km | 9:15 |
| 5. Granada Erreka | 16 km | 9:50 |
| 6. San Pelaio Gaina | 22 km | 10:20 |
| 7. Auzo Gaina | 25 km | 10:35 |
| 8. Helmuga | 30 km | 11:00 |
ARTZEI BIDEA
| NON | PUNTU KILOMETRIKOA | NOIZ |
|---|---|---|
| 1. Irteera | 0 | 10:00 |
| 2. Aizarna | 3,5 km | 10:15-10:35 |
| 3. San Pelaio Gaina | 6,4 km | 10:30-11:05 |
| 4. Auzo Gaina | 13 km | 10:50-12:25 |
| 5. Ertxinako Gurutzea | 14,5 km | 11:00-12:35 |
| 6. Zestoa | 15 km | 11:05-12:35 |






