Albisteak

‘Atzerrian lurra garrantz’ antzerki obra estreinatuko du Amancay Gaztañagak, hilaren 12an, Oñatin

Atzerrian lurra garratz izeneko proiektuari forma ematen ibili da azken bi urteotan Amancay Gaztañaga. Otsailaren 12an estreinatuko dute antzerki obra, Oñatiko Santa Ana antzokian. Artedrama Arte Eszenikoen Plataformak ekoiztu du lana eta Huts teatroko kideek eman diote bizia. Gidoilari eta zuzendari lanak egin ditu Gaztañagak. Ander Lipus eta bien artean idatzi dute gidoia eta Miren Amurizak orraztu du kontakizuna. Aktore lanetan, berriz, Ander Lipus bera eta Laura Penagos arituko dira.

Zer kontatzen da obran?

Laura Penagosen istoriatik abiatuta sortu dugu obra. Duela hamabi urte etorri zen Kolonbiatik Euskal Herrira. Bere bizipenak oinarri hartuta sortu dugu Aurora Mora izeneko pertsonaia. Laura herri honetan bere bidea topatzen ari da eta hori kontatzen du finean obrak: emigranteek egiten duten bidea kontatzen da.

Atzerrian lurra garratz, hoña ibini egik baratz dio esaera zaharrak. Hortik al dator izenburua?

Bai. Esaera horrek zera esan nahi du: kontuz non ipintzen duzun oina. Atzerritar sentitzen zaren toki batean badago zerbait, lurra eroso egiten ez duena eta erabakia hartzeko pausua ematea ez da erraza. Horri eman dizkiogu bueltak, atzerritarrak bere lurra ez den toki batean atzerritar zergaitik sentitzen diren ulertu nahi izan dugu. Askotan gure lurrean ere atzerrtiar sentitzen gara eta sentimendu horien zergatia zein den jakin nahi izan dugu.

Zure esperientzi pertsonalak eragina izan al du?

Egia esan eragin handia izan du. Ni ere Ekuadorretik Euskal Herrira etorri nintzenean atzerritar sentitu nintzen. Eskolan ikasi nuen euskaraz eta tokiz kanpo sentitzen zara eta sentsazio horrek urte dezentetan jarraitzen zaitu. Laurak eta biok antzeko bizipenak izan ditugu, nik txikitan eta berak helduagoa zenean.

Zer erakutsi dizu lan honek?

Pila bat ikasi dut. Bertigo handia ematen du Artedramarentzat lan egitea, Huts bezalako antzerki konpainia batean, ibilbide handiko talde delako. Nire buruan konfiantza izaten ikasi dut. Doluaren inguruan ere asko ikasi dut. Istorioa dolu gau batean gertatzen da. Doluari gure bizitzan ze toki ematen diogun ikasteko azterketa sakon bat izan da bidaia hau. Batez ere, emigranteek  emigrante izaten noiz amaitzen duten ikasi dut. Zerk egiten duen bat atzerritar ez izatea. Bertakoek atzerritar bati bere tokia noiz egiten dioten, noiz sentitzen den kanpotik edonora joan den pertsona bat bertako. Ideia horri buelta asko ematen aritu naiz.

Iparraldean aritu zarete entseguekin buru belarri.

Bai, duela aste batzuk hasi ginen entseguekin, Luhusson. Hasiera batean estreinaldia bertan izatea aurreikusten genuen baina egoera dela eta, otsailaren 12an estreinatuko dugu lana, Oñatin.

Hitzordu asko finkatu al dituzue?

Bai, dezente. Zestoan ere saiatuko gara emanaldiren bat eskaintzen. Antzerki Astea egitea da helburuetako bat eta lan hau Antzerki Astean egotea gustatuko litzaidake. Bestela, Zestoatik gertu herri askotan ikusteko aukera izango da. Otsailaren 19an Andoaingo Basteron egongo gara; 21ean Errenteriako Niessenen eta 26tik 28ra Donostiako Gazteszenan…

Hona hemen obraren teaserra:




Argazkia: Ainhoa Resano




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide