Albisteak

Aurrekontu parte-hartzaileen bigarren saioan bozkatu ahal izango diren proposamenen berri eman du udalak

2020ko aurrekontuetako inbertsioetarako erabiliko den poltsatik 50.000 euro bideratuko ditu udalak herritarrek prozesu parte-hartzaile baten bitartez erabakitako proiektuak gauzatzera. Zestoa Elkarrekin Eraikiz izena duen prozesuaren lehen zatia pasa den azaroaren 20an egin zen udaletxeko areto nagusian. Bertan, 30 herritar baino gehiago bildu ziren eta guztira, 36 eskaera egin zituzten.

Azken asteotan, proposamen horiek guztiak aztertzen aritu da udala eta herritarrek jatorrian egindako 17 eskaera ordezkatzen dituzten 13 proposamen zehatz hautatu dituzte. Datorren abenduaren 17an, asteartea egingo da bozka emateko saioa, arratsaldeko 19:00etan, udaletxean.

Saio horretan, baztertu diren proposamen guztiak banan banan azaldu eta ezezkoen zergatiak arrazoituko dira aurrena. Ondoren, hautaketa fasean dauden proposamenak aurkeztuko dira eta azkenik, bozkatzeko prozedura zehaztu eta bozketari ekingo zaio. Udalak herritarri astearteko saioan parte hartzeko deia luzatu die.

Honako hau da, abenduaren 17ko saioan, herritarrek aukeratu ahal izango dituzten proposamenen
zerrenda:

• Aizarnako sarrera eta irteeran autoen abiadura moteltzeko koxkak jartzea
• Aizarnako Kultur Etxeko 2. solairuan berogailua jartzea
• Kultur ekintzetarako gela eta ikasgela egokitzea Portale kaleko udal eraikinean
• Arroabeko Narkis Balentziaga kalearen atzealdeko parkea berritzea
• Lizarraitz kalean, lurrazpiko pasabidean sartu baino lehen argiteria jartzea eta
oinezko pasabidea berriz margotzea
• EH plazaren birgaitzea, eserleku eta lorontzien ezarpenarekin egoteko toki bihurtuz
• Zestoako erdiguneko oinezko pasabideetako zenbait koxka kentzeko lanak egitea
• Aizarnako frontoiaren eraikinean biltegi edo trastelekua egokitzea
• Ezenarrobidean, (Igartza eta Akoa artean) bide-babesak jartzea
• Uztapide plazako umeen parkea partzialki berritze.

• Aizarnako plazako errepideko zuloak konpontzea
• Kultur Etxeko areto nagusia proiekzioetarako egokitzea
• Zubiaurre gunean, erabilera anitzetako tokia egokitzea




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide