Albisteak

Aurrekontu parte-hartzaileetan 60.000 euro zertan inbertitu proposatzeko eskaerak aurkezteko epea ireki da

Udalak 60.000 euroko partida jarriko du herritarrek zer egin erabaki dezaten. Pertsona edo eragile bakoitzak bi proposamen aurkeztu ahal izango ditu otsailaren 21a bitartean.

Mikel Arregi, alkateak, eta Iñaki Odriozola zinegotziak 2024ko aurrekontu parte-hartzaileen deialdia aurkeztu dute gaur goizean udaletxeko areto nagusian.  Arregiren hitzetan: “Zestoako eredua eredu zuzena da, hau da, aurrekontu parte-hartzaile askotan herritarrek proposamenak egiten dituzte eta ondoren udalek erabakitzen dute  horien artean zein aurrera eraman. Zestoan, berriz, hasiera hasieratik erabaki zen, herritarren bozka bidez egitea, hori delako benetan demokratikoena eta garbiena”. Era berean prozesua honela egitea konplexuagoa dela aitortu du alkateak, baina horrela ez duela udal gobernuak erabakitzen baizik eta herritarrek eta horrek balio erantsia duela.

Hirugarren aldia izango da Zestoan aurrekontu parte-hartzaileen prozedura martxan jartzen dela. Aurtengoan ordea, aldaketak izango dira: lehen ez bezala, urte naturalaren epeetan egingo da prozesua. Irailetik abendura izan beharrean, otsailetik apirilera egingo da prozesu parte-hartzailea eta maiatzetik aurrera Udalak proiektua gauzatuko ditu.

Herritar nahiz elkarteek proposamenak bidaltzeko argibideak

Aurkeztu daitezkeen proposamenek interes orokorrekoak izan behar dute, eta ezin dute gainditu 15.000 euroko aurrekontua. Alkateak gogorarazi du, horrelakoetan, askotan,  hormigoiarekin lotura duten inbertsioak etortzen zaizkigula aurrera gogora, baina esparru zabalagoa ere izan dezaketela, esate baterako, herriko ondareaz aritzen den literatur argitalpen bat adibidez.

Parte hartu nahi duten herritar eta erakundeek bi proposamen aurkeztu ahalko dituzte gehienez eta digitalki, udaleko webgune bitartez edo presentzialki, udaletxera bertaratuta, helarazi ahalko dituzte otsailaren 21a bitartean. Ondoren Udalak lehen galbahea pasako du eta lehenago aipatutako baldintzak betetzen dituzten proiektuak, otsailaren 27an, presentzialki defendatu beharko dira. Proiektuak aurkeztu ondoren, azterketa fasea hasiko da, otsailak 27tik martxoak 28a bitartean udal teknikariek proiektuen bideragarritasun tekniko eta ekonomikoak aztertuko dituzte. Azkenik, apirilaren 9an bilera ireki batean emaitzak jakinaraziko dituzte eta hortik aurrera bozketa faseari hasiera emango zaio apirilaren 26a arte.

Apirilaren 30ean bozketaren emaitza eta parte hartze datuak emango dira azken bilera batean, eta 2024ko maiatzetik aurrera udalak proiektuak planifikatu eta gauzatuko ditu.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide