Albisteak

Udalak autokarabanen aparkalekua arautuko duen ordenantza onartu du aho batez

Udalak autokarabanen aparkalekua arautzeko ordenantza onartu zuen atzo asteartez eginiko ohiko udalbatzarrean. Otsaileko bilkura salbuespena izan da, normalean ostegunetan egiten baitira osoko bilkurak.

Mikel Arregi alkateak azaldu zuenez, azken urteetan nabarmen igo da autokarabanen kopurua, “turismo eredua aldatu delako”. Horren aurrean, Estazioa deitzen dioten eremuko aparkaleku handia egokitu du udalak ibilgailu mota horientzat. Horretarako, HAPOa moldatu behar izan dute; izan ere, planean trenbidea oraindik eremu horretatik igarotzen zen aurreikusita. Euskal Trenbide Sarearekin bilerak egin ondoren, trenbidea hipotetikoki ibaiaz bestaldera lekualdatu dute planean, eta horri esker, udalak esku hartzeko aukera izan du.

Estazioko aparkalekuan bi gune bereizi dituzte: bata turismora bideratutako ibilgailuentzat (langaz bereizia), eta bestea autokarabanentzat. Azken horietan, gehienez 72 orduz aparkatu ahal izango dute, gaua pasatzeko eskubidearekin, eta ur zikinen hustubide zerbitzua ere erabil dezakete. Momentuz doakoa izango da zerbitzua, baina etorkizunean ordainpekoa izatea aztertuko dute. Makina bat jarriko dute ordutegia kontrolatzeko, eta udaltzainek zainduko dute eremua.

Bestalde, herriko autokarabanen jabeentzat urte osorako 22 plaza esleituko ditu udalak Estazioan. Plaza eskuratzen dutenek urtean 150 euro ordaindu beharko dituzte, eta hustubide zerbitzua erabiltzeko eskubidea izango dute. Udalaren arabera, egindako zentsuaren arabera, kopuru hori nahikoa izango da.

Iraetan eta Arroako industrialdean ohikoa izan da autokarabanak aparkatzea, baina aurrerantzean ezin izango da gaua pasatu eremu horietan. Horren berri emateko seinaleak jarriko dituzte laster.

Ordenantza aho batez onartu zuten, eta orain 30 lanegunez egongo da jendaurrean, indarrean sartu aurretik.

Bilkuraren amaieran, alkateak beste arazo bati ere heldu zion: herrigunean autoen aparkalekua. Arregiren esanetan, erdigunean ibilgailu asko egoten dira denbora luzez mugitu gabe, nahiz eta araudiak leku berean gehienez zazpi egunez egotea baimentzen duen. Gai hori ere arautzeko beste ordenantza bat landu beharra dagoela adierazi zuen, eta horri heltzeko konpromisoa hartu zuen.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide