Albisteak
Auzoetako herrigunetik eta baserrietatik Zestoako herrigunera mugitzeko zerbitzua herriko taxiek emango dute aurrerantzean
— 2025-04-16
Zestoako auzo eta baserrietako bizilagunek taxi bidezko garraio zerbitzu berria izango dute herrigunera joateko. Ordainketak egiteko 10 bidaiako bonoak erabiliko dira.
Auzobus zerbitzua gaur, apirilaren 16an, eten egingo da eta apirilaren 28tik aurrera, astelehena, zerbitzu hau herriko bi taxiekin eskainiko da. Zerbitzu honek bi eskaintza izango ditu: alde batetik, Arroagoiko eta Aizarnako herriguneak Zestoako herrigunearekin lotuko dituen ibilbidea, hau da, lehen Auzobusak egiten zuena. Eta bestetik, Zestoako baserrietako bizilagunei eskainiko zaien zerbitzua.
Arroagoia eta Aizarna Zestoako herrigunearekin lotzen dituen zerbitzuak ordutegi finkoa izango du. Bidaiak taxi gidariek antolatuko dituzte ordu bakoitzean dagoen eskaeraren arabera. Ibilbidea auzoetako herrigunetatik Zestoako herrigunera izango da (Zestoa – auzogunea – Zestoa). Zerbitzua astelehenetik ostiralera eskainiko da: 09:00etan, 12:00etan, 17:00etan eta 19:00etan.
Baserrietarako zerbitzua, berriz, Zestoako herriguneetatik nahiz auzoetatik kanpo dauden baserrietara zuzenduko da. Astelehenetik ostiralera 08:00etatik 20:00etara erabil daiteke, ordutegi zehatzik gabe, ordu tarte horretan dagoen eskaeren arabera.
Zerbitzu hauek erabiltzeko baldintza bakarra Zestoan erroldatuta egotea izango da.
Aurrez erreserba
Bi kasuetan, aurrez erreserba egin beharko da: 14:00ak baino lehen egin nahi diren bidaietarako, aurreko eguneko 20:00ak baino lehen jakinarazi beharko zaio gidariari. Eta 14:00ak baino beranduago egin nahi diren bidaietarako, egun bereko 12:00ak baino lehen abisatu beharko zaio.
Ordainketa bonoak
Ordainketak egiteko, 10 bidaiako bonoak erabiliko dira eta udaleko harreran eskatu beharko dira. Zerbitzua urtean zehar gero eta gehiago erabiltzen bada, prezioa merketuz joango da:
0-40 bidaia: 2 euro
40-60 bidaia: 1,5 euro
60 bidaia baino gehiago: 1 euro
Egin zaitez bazkide