Axun Arrazolaren hitzaldia, duela 50 urte

Oraingoaz, ez da argazki zaharra dakartena, beno, bai, egunkari zahar bati egindako argazkia. Jose Luis Arrizabalagaren paper artean begira, La Voz de Españan, orain dela hain zuzen 50 urte argitaratutako artikulu hau bilatu dut eta kuriosoa iruditu zait. Asko eta askok ez dute jakingo Axun Arrazola izena nondik datorren (agian, ezta Axun Arrazola izena duenik ere Kultur Etxe aurre horrek baina tira). Bada duela 50 urte, bere tesi doktorala publikatu bezperetan, Berpizkunde garaiko Donostiako arteari buruzko hitzaldi bat ematen ari zen Zestoako Axun Arrazola lekaimea Donostian.

Zestoako historian bere alea jarri zuen emakume honen oroimenez, bera nor izan zen ikasten joan gaitezen, hementxe bada nire ekarpentxoa.

Bere garaian, hitzaldi baten bueltan, Fernando Arzallusek komunikabideei bidali zigun informazioa:

Axun Arrazolak lotura handia izan zuen Zestoarekin. Kaleokerrean jaio zen 1912an eta bere anai-arrebekin batera, botikan laguntzen pasa zituen bere gaztetako urteak (aita botikaria zuen, Oñatiko semea, eta ama berriz Elgoibarkoa). Gaztetan kanpora joan zen ikasketak egitera eta jaioterritik kanpo ibili zen urte askotan baina hala ere, inoiz ez zuen ahaztu bere sorterria eta lagun handiak zituen herria eta bailara. ‘El Renacimiento en Guipuzcoa’ bere doktoretza lan bikaina egin zuen garaietan -alegia, 60ko hamarkadan- hemen inguruko eruditu gehienekin izan zituen harremanak eta Zestoa eta bailarako arte eta historia ondarea ezagutzera emateko lan franko egin zuen: hitzaldiak, artikuluak…

Axunek euskal kultura eta Zestoako herriaren alde egindakoa eskertu nahian, Zestoako Udalak herriaren urrezko domina eman zion 1977an.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide