Azaroak 16: Aizarnako koruko organo kontzertuaren emanaldia
— 2025-11-18Azaroaren 16an, Aizarnako koruko organo kontzertuaren emanaldia entzuteko aukera izan nuen, eta bertara hurbildu nahi zuenarentzat eguraldiak ez zuen aitzakiarik izan. Hurbildu ziren guztiak gustura gelditu zirela esango nuke, txalo zaparrada ugari jaso baitzuen organo jotzaileak.
Aizarnako organo zahar honek estilo barrokoa du, teklatu bakarra eta 46 nota ditu. Sortzen duen doinua oso atsegina da entzuteko eta berau entzuten, zaila egiten zait aspertzea. Gutxiago oraindik tresna hau erabiltzen duena organista trebea baldin bada. Aurten Xabier Urtasun Eraso nafarra izan dugu kontzertu emailea, eta hurbildu ginenok ondo atzeman genuen abilezia faltarik ez duela tresna honekin.
Ezin da eskatu Aizarnara organo kontzertu batera jende asko hurbiltzea, baina aurtengoan ere erantzun polita izan duela esango nuke. Askotan aipatu bezala, Aizarnako organo hau ez da ikaragarria, baina 200 urte eta gehiago dituela badakigu, eta honek ematen dio balio historikoa zalantzarik gabe. Berau Jose Manuel Betolaza Donostiarrak egin zuen, Aizarnako eliztarren aginduz.
Urtean muntatu eta gaur egunera arte lanerako prest egonda, zenbat elizkizun alaitu dituen kontatzen ez da erraza izango. 8.910 erreal ordaindu ziren berarengatik; hala ere, bere burua ondo ordaindu duela esango nuke.
Nire eskola garaiko elizkizunetan, eskuz eragiten genion haizea emateko hauspoari; egun, motor elektriko bat arduratzen da horretan.
Aurretik begiratu eta organo polita ikusten da. Ez dakit notaren batek edo akatsik duen, baina hori adituak jakingo dute. Iritzi bat eman behar eta esango nuke azkena jarri dioten tutu berriaren argitasunak desitxuratu egiten diola aurpegia.
Ohiturari jarraituz, aurten ere jaso ditut ekintza honen argazki eta bideo txiki batzuk hurbiltzerik izan ez duenarentzako, batik bat, baita ere organo zahar honen doinuarekin bertara hurbildu gabe ere gozatu ahal izateko.
Jon Egiguren

