Albisteak
Azaroaren 25ari lotutako mozioa aho batez onartu du udalbatzak
— 2022-11-25Indarkeria matxisten aurkako Nazioarteko Eguna da gaur, eta atzoko osoko bilkuran gaurko egunari lotutako mozioa aho batez onartu zuten udalean dauden alderdiek.
Hemen mozioa irakurgai:
“2003tik aurrera, emakumeonganako indarkeriari buruzko datuak jasotzen hasi zirenetik, 115 emakume eta 11 haur erailak izan dira Euskal Herrian. Zenbaki onartezin honen atzean izenak eta izanak daude. Erauzitako bizi proiektuak. Bereziki memorian gorde nahi ditugu, 2022an zehar erail dituzten Sara Pina Ieregi, Felisa S. P. eta Maria Luisa LarraƱaga.
Urte honetan ere bereziki aipatu nahiko genuke, jai giroan emandako erasoen gorakada eta bereziki sustantzia kimikorik gabeko ziztaden bidez egindakoak. Antolatutako emakumeonganako gorroto baten erakusle dira beldurra eta kontrola bilatzen duten eraso hauek. Hala ere, eraso bakoitzaren aurrean, hauek salatu dituen Mugimendu Feminista saretu bat atera da kalera. Isiltasunak normalizazioa dakarrelako, onarpena. Eta aspaldi esan genuen ez gaudela egoera hau gehiago onartzeko prest.
Urte luze hauetako lana izan da Indarkeriari maskara kentzea. Ez da lau zororen kontua. Sistema patriarkal sendo baten ondorioa baizik. Indarkeria matxistei buruz egindako makro-inkestak datu larria mahai-gaineratu zituen: bi emakumetik batek indarkeria matxista pairatu du bere bizitzan zehar.
Urte honetan gainera, atzerakada ekonomikoaren mamua haizatzen ari den honetan, inoiz baino ozenago aldarrikatu behar ditugu politika eta zerbitzu publikoak. Berdintasunaren norabidean kokatu edo indarkeria matxistari aurre egiteko baliabideak ere oinarrizko beharrizan bezala identifikatzen ditugu. Dauden baliabide eta proposamen egokiak babestu edo berriak sortzeko momentu aproposa da hau ere. Jendarte hau osatzen dugun guztiok konpromiso hori hartu behar dugu. Eta batez ere erakunde publikoetan gaudenok.
Eta horregatik udal batzar honek:
- Berdintasun-unitateak egonkortzeko eta indartzeko konpromisoa hartzen du.
- Jai giroan ematen diren erasoei erantzuteko eta hauek prebenitzeko protokoloa berritzeko/sortzeko, eta hau Mugimendu Feministarekin eta Jai Batzordearekin batera egiteko konpromisoa hartzen du.
- Indarkeria matxista jasan duten emakumeen erreparazio eskubidearen alde guztiak (tartean, egiaren hedapena, akonpainamendu soziala edo ez errepikatzeko bermea) lantzeko programa iraunkorrak, martxan jartzeko”.
Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta
erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten
duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide!
Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure
ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi
baduzu, egin zaitez bazkide.
Egin zaitez bazkide
Egin zaitez bazkide