Albisteak

Azken txanpan da “Oporrak bakean” programaren bitartez haur Saharar bat udaran ekartzeko izen-ematea

“Gure ateak zabalik eta haien esperantza bizirik” lelopean, beste urte batez, Wadna eta Darahli elkarteek bat egin dute Oporrak Bakean programarekin. Helburua argia da: uda partean haur errefuxiatu sahararrei atseden eta aukera berriak eskaintzea eta
izena emateko epea otsailean amaituko da.

Tinduf inguruko errefuxiatu-kanpalekuetan udako tenperaturak oso altuak izaten dira, eta baldintzak gogorrak dira haurrentzat. Horregatik, programaren bidez, haurrek basamortuko bero itogarritik aldentzeko aukera izaten dute, eta aldi berean, elikadura orekatuagoa jasotzen dute eta oinarrizko osasun-azterketak egiten zaizkie. Esperientziak, gainera, beste errealitate, hizkuntza eta kultura bat ezagutzeko ateak irekitzen dizkie, bai haurrei bai harrera-familiei.

Antolatzaileek azpimarratu dute esperientzia aberasgarria izaten dela alde guztientzat. Haurrek uda seguru eta osasuntsuagoa igarotzen duten bitartean, familiek elkartasunaren eta kulturartekotasunaren balioa bertatik bertara bizitzeko aukera dute.

Horregatik, harrera-familiak behar dira aurten ere. Etxean haur saharar bat hartzeko prest daudenek edo informazio gehiago jaso nahi dutenek oporrakbakean.eus atarian dute xehetasun guztia. Bestela, Zestoako Wadna elkartea-ko kideekin jar daitezke harremanetan.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide