Abendua 2025
— 2025-12-29Irakurri 277. zenbakia hemen.

Aizarnako elizak ondare kultural erlijiosoari dagokionez duen balioagatik, Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako proiektu berritzaile baten proba pilotua izateko aukeratua izan da. Ekimenak herritarren parte-hartze aktiboa sustatu nahi du, gure ondare erlijiosoa babestu, balioan jarri eta erabilera sozial eta kultural berrietara egokitzeko.
Gizartea sekularizatzen eta zahartzen ari den honetan, hainbat azpiegitura erlijiosoren erabilera gutxitu da, eta egoera horrek ondarea babesteko ikuspegi eta estrategia berriak garatzera bultzatu ditu adituak. Horregatik, Gipuzkoako hainbat parrokiatan hausnarketarako gune irekiak sortzen ari dira, eta Aizarnakoa lehenengoetarikoa izango da.
Larunbatean, azaroaren 22an, 11:00etatik 13:00etara, Aizarnako elizan egingo den saiora herritar guztiei luzatu diete parte hartzeko gonbidapena. Gogoeta saioan, Gordailua – Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroko bi adituk hartuko dute parte, bata arte historialaria eta bestea zaharberritzailea. Elizaren historia, azken urteetan egindako zaharberritze-lanak eta ondarearen garrantzia azalduko dituzte.