Albisteak

Bakoitza bere zoroak bizi du

Ez gara ados jarriko abenduaren 26ko festaren jatorriaz, oraindik eta nekezago egun horren izenaz, baina festa berezia izaten dela aitortzeko ez dago eztabaidarik. Gero aletuko dugun kronika batek zioen bezala, jendetza, giro ezin hobea, txikiteo jendetsua eta taberna guztiak oso animatuta, baba-jana, bertsoak eta kantuak etengabe, dantzatzeko eta erromerian saltoka ibiltzeko grina, eta gauari bide emandakoan zer eta “herriko onenak” festaren jabe. Zoroperia, mito kutsua duen eguna.

Zaila da, oso, abenduaren 26ko egun horren jatorria bilatzea, are eta zailagoa Zoroperi izena nondik datorren erabakitzea (Iñaki Segurola zenak, 2009ko abenduaren 21eko Hitzan, argi asko utzi zuen Zoroperia zela, eta ez Soroperia). Teoria interesgarrienaren berri Luis Miel Ugarte Zunzun-ek eman zuen, duela hogei urte eskas. Haren iritziz, eta Rafael Castellano, Harvey Cox eta Anes Arrindaren ikerketetan oinarrituta, Zoroen Jaiekin dauka zerikusia gure festak. Arrindak, nonbait, zoroen jai horiekin parekatzen du Debako Zoro Peri eguna. Dirudienez, zoroen jai haiek jai paganoak ziren, balio ortodoxo guztiak hankaz gora jartzen zituztenak, eta indar handia izan zuten, harik eta Elizak zapuztu zituen arte XVII. mende aldera. Teoria interesgarria, inolako zalantzarik gabe, eta Zunzunek zioen bezala, beharbada Zestoan oraindik ere irauten du zoroen jai horrek: “Zoro peri egunean zorakeriak libre, ondo pasatzeko, jakina!”.

Agiriak mutu daude, ordea, eta XIX. eta XX. mendeetan –Franco hil arte behintzat bai– ageri zaigun abenduaren 26aren irudia nahiko tradizionala da, baserri giroarekin eta feria egunarekin lotua. XVIII. mende amaieran, udalak komenigarritzat jo zuen herrian feria egitea hileko azken ostegunean, mota guztietako ganadu, ale, hegazti, fruitu eta gainerako gaien salmentarako: “Inguruko guztientzat onuragarri izango litzateke, ez baita egiten lau legoako barrutian ale-azoka bat bera ere, eta kostaldeko herri gehienek ez dute mota horretako nahiko genero”. Hala, 1777. urtean baimena eman zitzaion Zestoako herriari hilero feria antolatzeko. Feria hori ote Zoroperiaren jatorria? Gure paper zaharrek txintik ere ez: ez dago feriaren aipamenik, are gutxiago festa paganoenik. Saia gaitezke, hala ere, duela mende edo mende eta erdiko giro hura irudikatzen argazkietan, paperetan, inguruko lekukoei entzundakoetan eta geuk umetan bizi izandakoari erreparatuz.

Feria, Zoroperiaren sorburua?

Nolakoa zen duela mende bat urte amaieran egiten zen feria hura? Mota guztietako animaliak jarriko ziren salgai plaza nagusian: behiak, zaldiak, ardiak, ahuntzak, hegaztiak… Inguruko kaleetan, nekazaritza eta abarren azoka egingo zen: barazkiak, aleak, baserriko erremintak, zuhaitz landareak… Kaleak gainezka Zestoako eta inguruko jendez, gaur egun herriko jaietan ikusten dugun bezala. Egun handia, dudarik gabe, eta egun osorako etorriko zen jendea: erosketak egin, hamaikatakoa, bazkaria, afaldu… eta gero gerokoak. Ez zen faltako, erromeria handietan ohi zen bezala, talo posturik, erroskilla saltzailerik, errifarik… ezta hura girotzeko txistularirik, trikitilaririk edo bertsolaririk ere. Tabernak, lehertu beharrean. Uztapidek bertso paperak aipatuta esan zuen bezala, “Ango jendearen emana! (…) Hasi zen kantatzen tabernan, ta bazuan zeñek erosia. Ango tira bearra ta ango bultza bearra!”.

Lehen aipamenak

1920-30eko hamarraldietan gizartea izugarri aldatu zen, eta herritarrek lehengo aldean protagonismo handia hartu zuten herriko kultur, aisialdi eta eguneroko bizitzan. Abenduaren 26ko ekitaldietan ere aldaketak zetozen. Ohiko feriaz aparte, kirol ekitaldiak antolatzen hasi ziren herritarrak. 1931ko abenduan, zenbaitek –Jose Olaizola, Santiago Sagarzazu, Antonio Iriondo– baimena eskatzen diote udalari 26an edo 27an idi probak antolatzeko; era berean, laguntza eskatzen dute udalak bere gain har dezan plaza ixtea.
Askoz esanguratsuagoa da Anastasio Alkortaren beste eskaera hau (1933-12-09): “ Frontoia ixtea, aulkiak eta abar eskatu zituen, hil honetako hogeita seian pilota partida on bat egiteko, ganadu feria ospetsua [egiten den egunean], eta bera arduratuko da partida hori antolatzeaz”. Udalbatzak –nola ez, bere anaia Eugenio zen alkate-eta– bere adostasuna erabaki zuen. Hurrengo urtean, Anastasio Alkorta alkateorde zenez, Juan Artanok egin zuen eskaera, eta frontoia ixtea eta aulkiak eskatu zituen hark ere, hilaren hogeita seian partida bat eskaintzeko. (1934-12-05).
Horrela bada, abenduaren 26aren egitura garbi antzean irudika dezakegu urte haietan: goizeko ganadu feria, era zaharrean, txistulari, bertsolari, (trikitilari?) eta abarrekin, eta arratsaldean pilota partidak eta musika. Hortik aurrerakoa, alegia, Zunzunek zioena, “Zoro peri egunean zorakeriak libre, ondo pasatzeko, jakina!” paperek ez dute jasotzen baina izan, izango zela ez dago dudarik.

Koiote

Gizartearen dinamismo horren adierazgarri, garai hartan –1933an, hain zuzen– ireki zen hamarkadaz hamarkada herriko erreferente bat izango zen establezimendua: Koiote. Abenduaren 23an aztertu zen gaia Udalbatzan: “Manuel Izeta jaunaren eskaera bat irakurri zen, Foru Plazan, La Gloria taberna egon zen lokal berean, edari-establezimendu bat irekitzeko lizentzia eskatuz. Udalbatzak, eskaerarekin batera lokalak dituen higiene- eta osasun-baldintza onei buruzko ziurtagiri fakultatiboa aurkeztu zuela kontuan hartuta, lokala irekitzeko baimena ematea erabaki zuen gaurtik aurrera, hala eskatzen baitu”. Pixka bat geroagokoa da slogan ospetsu hura: “Ni tiros ni enmascarados. El Coyote es el bar de los licores esmerados. Plaza de España. Cestona”.

Gerra eta frankismoa

1936ko altxamendu militarra eta gero, etenaldia izan zuen herriko kultur bizitzak, eta horren adierazle da, esate baterako, Juan Artanok egiten zuen eskaera, frankistek udala bereganatu eta gero: udan berak hartu zuen frontoia errentan baina diru askorik bildu ez, eta errenta ordaintzetik salbuesteko eskatu zion udalari.
Nolanahi ere, behin karlistek herria menderatzea lortu zutenean, erabateko normaltasunaren irudia transmititu nahi izan zuten, eta pentsatzekoa da 1936ko abenduaren 26an festarik egin ez bazen ere, berehala bueltatuko zirela jai girora. Jakina, ez zuen errepublika garaiko askatasun hura izango; ikuskizunek ez zuten batere abertzale-usainik izan beharko, ikurrina zeharo debekatua zegoen, moral zorrotza eta ohitura katolikoak nagusituko ziren, kaleko portaera-eta oso zaindua ordu txikietan… Aurreneko aldaketa izena bera izan zen: errepublika garaiko “abenduaren 26ko feria” izendapen aseptiko eta akonfesionala, Pazko Feria Handia, Gabonetako Feria… bihurtu zen frankismo garaian, Erlijio-egutegia nagusi.
1950eko hamarkada erditik aurrera, “bigarren frankismoa” deitzen den garai haietan, indarra hartuko du berriz kale giroak, masa-kontsumo itxuran, alegia kezka politiko eta intelektual gutxirekin, baina arrakasta eta zabalkunde handiarekin, entretenimendua eta ihesbidea hartuta helburu. Kirolak izan zuen batez ere arrakasta: pilotariak, harri-jasotzaileak, aizkolariak… Nolabaiteko irudi erregionalista bat transmititzen zen, non Espainia langile, indartsu, fededun eta maskulinoa aldarrikatzen zen.
Abenduaren 26ko “Pazko Feria Handi” haren diseinua ez zen aurreko garaien oso desberdina: “Erromerian oinarritutako egitaraua plazan eta udaletxeko arkupetan, baita harri-jasotze apustu handia ere” (J. L. Arrizabalaga, 1954-12-24); “Pasa den igande arratsaldean, Zestoako Sastarrain eta Azpeitiko Etxetxoren arteko harri-jasotze apustua izan zen Gurutzeaga pilotalekuan. (…) Ondoren, Nafarroa plazan, arkupetan eta frontoian, hiru orkestina aritu ziren, eta dantzariek jendetza handia bildu zuten kanpotar ugari etorri zelako” (Idem. 1954-12-28). Hurrengo urtean, berriz, harri-jasotzaileen ordez, Basarri eta Uztapide izan ziren. Handik urte batzuetara ere, “San Esteban eguneko erromeria” oso jendetsua izaten jarraitu zuen. Bistakoa den bezala, ez zen politikoki zuzena zoroak edo Zoroperia aipatzea, eta ezin jakin herritar soilek zer izen erabiltzen ote zuten abenduaren 26ko jaieguna izendatzeko.

Zoroen feria

Frankismoaren amaierarekin haize berriak datoz Zestoara ere, eta historian lehen aldiz irakur daiteke “Zoroperi” izena paperetan. 1983ko abenduaren 27an gaude. La Voz de Euskadi, egunkari efimeroa (1983-1985), eta berri-emaile aparta: Shanti Sagarzazu. Zaila da hark bezain ondo eta bizi kontatzea zer zen Zoroperia garai hartan, eta beraz, hark gazteleraz idatzitakoa guk euskarara pasatzea, ez dugu beste lanik hartu: “Goizean goizetik eta eguraldi bikainarekin, jendea biltzen joan zen apurka-apurka Zestoako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, antolatutako ganadu lehiaketara. Zestoako plazak itxura ikaragarria zuen. Batetik, azienda guztia, eta, bestetik, egun horretan herrira jaitsi ohi den jendea. Eguerdi aldera herriko musika bandak kalejira egin zuen herriko kaleetan barrena, eta ondoren, jende guztiaren aurrean, Gabonetako gaiekin gozatu genuen. (…). Taldearen emanaldia amaitu ondoren, sariak banatu ziren (…). Kalejirarekin amaitu zen sari banaketa, eta Tapia eta Javier trikitilariek alaitu zituzten herriko kaleak. Txikiteoa jendetsua izan zen eta taberna guztiak oso animatuta egon ziren”.
“Ohiko bazkaria. Egun horretan eta Lau Iturri elkartean, ohiko babarrun jana ospatzen da, hainbat kuadrilla biltzen dituena; giro aparta izaten da eta bertsoak eta kantuak etengabekoak dira. Arratsaldean, berriz, giro ikaragarriarekin, goizean baino jende gehiago bildu zen. Dantzatzeko eta erromerian saltoka ibiltzeko gogoa etengabea izan zen. Eguna amaitu ahala, gauari bide emanez, giroa familiarra bihurtu zen eta ‘herriko onenak’ geratu ziren”. Ez dago hobeto deskribatzerik.

Berrikuntzak

Zoroperiaren goizeko zatiaren osagai nagusia Ganadu Lehiaketa izan zen urte askotan. 1980ko hamarkada arte, bi urtetik behin egiten zen gutxienez. 1984an, ordea, aldaketak egin zituen Foru Aldundiak, eta lau urtean behin egitera pasa zen eskualde mailako ganadu lehiaketa hura. Horrela bada, 1986etik aurrera, Barazki, Fruta eta Lore Lehiaketa tartekatzea erabaki zuen udalak. Sortzaile eta sustatzaileen artean, herritar bat baino gehiago izan ziren baina aipamen berezia merezi du garai hartan baserri saileko zinegotzi eta hurrengo urtean sail bereko batzordeburu izango zen Manuel Odriozola Arretxek. Baserri mundua ondo baino hobeto ezagutzen zuen pertsona zen hura, bertako produktuen alde beti, eta Urola inguruko eta, batez ere, Errezil aldeko hainbat ekoizle inplikatzea lortu zuen eta azokari itxura paregabea eman zitzaion. Gure datuak oker ez badaude, Odriozola bera izan zen Urolako Ezti Lehiaketaren sustatzaile garrantzitsuenetako bat ere (1997).
Azkenik, 1999an, Herriko Sagardo eta Gazta Lehiaketak gehitu zitzaizkion Barazki eta Frutari eta Urolako Ezti Lehiaketari, eta hala iraun du ia gaur arte. Lehiaketa horiek elikadurarekin edo artisautzarekin lotutako salmenta-postuekin osatzen dira azken urteotan. Umeek, berriz, beraientzako emanaldia izan ohi dute bazkalondoren. Sagarzazuk 1983ko kronikan aipatzen duen baba jana, berriz, soziedade, taberna eta txoko ugarietara zabaldu da. Arratsaldeko ikuskizunei dagokionez, pilota partidek garrantzia handia izan dute (2001, 2002, 2004…) eta gero kirol ikuskizun mistoetara pasa zen: pilota, harri-jasotzea, bertsolariak, trikitilariak, soka-tira, aizkolariak… (2005, 2006, 2007…). Esaldi batean laburbiltzeko, beraz, Luis Miel Ugarte Zunzun-ek zioena: “Zoro peri egunean zorakeriak libre, ondo pasatzeko, jakina!”.

Fernando Arzallus




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide