Albisteak

Bandak musikatu du Amabirjin eguneko eguerdia

Udaletxeko arkupea berriz ere jendez bete da, adin guztietako herritarrek Zestoako Musika Bandaren kontzertu tradizionalaz gozatzeko. Aurtengoan, gainera, 30 urte bete dira “Zestoako Amabirjinak” kanta sortu zela.

Aurkezle lanetan, Jexux Odriozola aritu da ohiko moduan, eta gogorarazi du Bandak 115 urteko historia dokumentatua duela. Era berean, nabarmendu du aurten betetzen direla 100 urte, zestoarrentzat oso maitatua den, “Amparito Roca” piezaren sorreratik. Hain zuzen ere, obra horrekin amaitu da kontzertua, beste behin ere, txalo zaparrada artean.

Ruizek azpimarratu du herriak zorte handia duela horrelako banda izateagatik, eta eskerrak eman dizkie bandako kideei erakusten duten diziplina eta lanagatik. Agurra, beti bezala, mezu argiarekin egin du: «Bandaren lana ez luke ezertarako balioko ikusleek kontzertuetara etorriko ez balira».

Egitarauan, herriko dultzaineroekin batera interpretatutako bi pieza ere entzun dira, eta baita “Azken agurraren negarra” obra ere, Beñat Etxabe bandako zuzendariak propio bandara egokitutako bertsio berezian.

Arratsaldean festak jarraituko du:

17:30 – Herriko bandaren, dultzaineroen eta txistularien kalejira, bigarren zekorketa iragarriz
18:00 – Tor Magoa, Kultur Etxeko aretoan
18:00 – Gurea Kultura ekimenak antolatuta, zezenketen alternatiba kontzertuak kiroldegiko aterpean: Anari
18:00 – Bigarren zekorketa. Toreatzailea: Juan Pablo Ibarra. Ordezkoa: Marco Peláez. Ganadutegia: Adolfo Rodríguez Montesinos (Oropesa, Toledo). Ondoren, Lopene ganadutegiko zezen bolaztatuak
Ondoren – Zestoako Bandaren emanaldia Erdikalean
20:00 – Zahagi-dantzarien dantzaurrea kalez kale, Itxaropena dantza taldea eta Zestuko Trikitixa taldearen eskutik
21:00 – Laket erromeria




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide