Bariak baño askartasun geyago ez

Julene Azpeitia (1888-1980), Zumaian jaiotako maistra eta euskal idazlea nahiko ezaguna du jendeak. Azpeitia´tar Julene, berak sinatzen zuen moduan, lehenengo ikastoletako irakaslea izan zen, eta irratian ere lan egin zuen. Ipuin-idazlea eta artikulugilea zen. Bere garaiko haur-literaturaren alorrean zegoen hutsunea betetzen ahalegindu zen, idazkera egokiz eta pedagogia-senaz. Euskaltzain urgazlea izan zen, eta aldizkari askotan idatzi zuen. Hainbat liburu ere baditu, esate baterako, Osasuna, merketza ta yanaritzaz (1922), sukalde-liburua; Irakurri matte (1932); Umien Adiskidea (1961), irakurtzen eta idazten irakasteko metodoa; Zuentzat (1974), haurrentzako ipuin eta irakurgaiak. Eta ezin ahaztu guk hemen aipatu behar duguna: Amandriaren altzoan (1961), ehun ipuin biltzen dituen liburua. Emaitza oparoa, beraz, gure Julenerena.

Juan San Martinek hitzaurrean dioen moduan, “Azpeitia’tar Julene’renak erria zuzenki dute iturburutzat, ta bere eskuz eztiki apainduak dira.” Dirudienez, Amandriaren altzoan biltzen diren ipuinak 1949tik 1952ra bitartean idatziak dira Burgosen maistra zegoela. Eta 1954an, Euskaltzaindiak antolatu zuen ipuin sariketan bigarren gelditu zen. “Urri dira euskeraz «Amandriaren altzoen» bezin liburu onak aurrentzat”, dio San Martinek.

Eta irakurleak galdetuko dit: “Eta zer du ba ikusteko Zestoarekin gure Junenek?”. Eta nik erantzungo dizuet: “Zestoarekin batere ez baina Aizarnarekin bai! Eta ipuin eder askoa da gainera!”.

Alkatea (Barrena jauna) eta aguazila (Amas) aipatzen ditu hemen Julene Azpeitiak, eta ipuinaren berri izan nuen bezain pronto, akuilu-eztena sartuta bezala, derrepente artxibora joan nintzen ea kontakizuna egiazkoa ote zen begiratzera. Ipuina idatzi baino laurogei urte lehenagoko kontuak direla esaten du eta, ondorioz, azkeneko Gerra Karlista inguruan jartzen gaitu. Begiratu nuen ba, baina han ez zitzaidan Barrenarik eta Amasik azaldu. Ea aizarnarren batek argi gehiago emateko modua egiten digun. Kontuak kontu, egiazkoa izan, asmatutakoa izan, oso arina eta polita da kontakizuna eta dagoen bezala –orduko euskara moldean– jartzen dizuet mahai gainean. On egin!

Aizarna’ko aguazilla

Aizarna, mendi baten gañean dagon Gipuzkoa’ ko erri polit bat da. Aizarnazabal eta Zestua ditu urrean.

Oraiñ larogei urte inguru omen zuten alkate bat, Barrena jauna, gauzak ariñ eta azkar egitea nai izaten zituana.

Aguazilla ostera, oso astiro egiten zituana. Amas, bere abizena. Alkatea beti aserreka ari zitzaion.

«Amax, ik daukan sasoyakin, bariak baño askartasun geyago ez daukak. Gizonak ori baño aritasun geyago bear dik. Zirt edo zart, atzera edo aurrera, beti urrepelen moduan egon gabe» eta abar.

Egun batean alkateak deitu zion: —Amax!

Jauna!

Azpeiti’ra Juan bear dek.

Bai, jauna.

Eta Amax asi zan Kontzejuko eskaillerak bera, astrapaladan, erori ta muturrak ausitzeko zorian.

Alkateak eziñ zuan siñistu, aiñ aguro eskaillerak bera zijoana aguazilla izango zanik, baña bada ezpada ere deitu zion

Amax!

Jauna!

Nora ua ?

Berorrek ez dit ba agindu Azpeiti’ra juan bear detala?

Eta, zer egiñ bear dek ba Azpeiti’ra juanda?

iAaaaaa!

Amax’ek esaten zuan gero, aguaziltza baño lanbide txarragorik mundu guztian ez zegoala. Ez astiro ibillita, eta ez ariñ ibillita, Alkatien gustorik egingo zuan aguazillik ez zala jayo.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide