Baroja berriro

Urriaren 30ean hil zen Pio Baroja (1872-1956). Egun horretan, igandea, 23:30ean, eskainiko da ETB-2an berari buruzko “Ver en lo que es” dokumentala. Antonio Cristobal eta Felipe Juaristi dira egileak.

Estreinaldi gisa, urriaren 26an, asteazkenean, eman zuten dokumentala Donostiako Tabakaleran eta han izan nintzen. Pio Barojaren ikuspegi orokor bat ageri da bertan eta, batez ere, hiru lurralde, hiru eremu edo hiru “mundu” aipatzen ditu: Donostia, Zestoa eta Bera. Hainbat Baroja zalek beren ikuspuntua azaltzen du: Raúl Guerra Garrido, Soledad Puértolas, Santiago Aizarna, Olga Fernández, Luis Alberto de Cuenca, Pedro Ugarte, Patxi Apalategi eta Carmen Caro Baroja. Esanguratsua da, oso, dokumentalean parte hartu dutenen zerrenda, eta gustura ikusiko nituen bertan beste zale batzuk –esaterako, Anjel Lertxundi, Sanchez Ostiz eta abar– baina, oro har, xehetasun batzuk gorabehera, Barojaren ikuspegi orokor egokia ematen dute.

Dokumentala egiteko erabili den material grafikoari dagokionez, berriz, produkzio lan justua iruditu zait eta oso eskueran zegoen beste hainbat material erabiltzea ez zen batere gaizki etorriko: esate baterako, gure herriari dagokionez, hainbat argazki, zientoka postal, Barojaren dozenaka sinadura…

Zalantzazkoenak, ordea, kokapenak bilatzeko garaian erabilitako irizpideak iruditu zaizkit: helikopterotik ateratako ikuspegiak dira nagusi, hor telebistan Euskal Herri guztiari buruz egin ziren haiek bezalakoak, baina toki askok ez daukate zerikusirik Barojarekin. Eta okerragoa dena, Barojarekin lotura berezia daukaten txoko franko ez dira ageri: Zestoara mugatuta, Don Pedroneko etxearen aztarnarik ez da, Baroja bera denbora gehien bizi izan zen etxea –guk Villarrenekoa bezala ezagutzen genuena– ere ez, etxe hartatik zeukan Izarraitzen ikuspegi bikainik ere ez… Tira, Baroja ondo ezagutzen duen jendeak baina Barojaren lekuak hainbeste ezagutzen ez dituen jendeak egin du dokumentala.

Pelikula historikoetan historialariek beti akatsak ikusten dituzten bezala, dokumental horretan ere Zestoa eta Baroja pixka bat ezagutzen ditugunok akats edo ahanztura mordoxka bat ikusi dugun arren, Barojaren ikuspegi orokor bat edukitzeko oso gomendagarria da dokumentala. Beraz, hor duzue hitzordua, igandean 23:30ean.

* * *

Egun hartan bertan, alegia, asteazkenean, dokumentalaren ondoren eta Tabakaleran bertan, Bernardo Atxagak hitzaldia eskaini zuen Baroja hizpide hartuta. Zoragarria, liluragarria, miresgarria, kristorena… iruditu zitzaidan. Ordubeteko solasaldia aitaren batean pasa zitzaidan. Antolatzaileek izango al zuten hain hitzaldi ederra grabatzeko detailea, eta soinuz edota idatziz izango al dugu noizbait han esandakoak berriro patxadan entzun edo irakurtzeko zortea!

Lehenengo zatiak –hamar minutu–, kontakizun on batek behar duen bezala, zeharo harrapatu ninduen eta, luzeegi ez jotzeagatik, haretxen berri emango dizuet bakarrik.

Atxagak esan zigunez, egun hauetan ibili da Barojaren liburuak –eta batez ere bere Memoriak– berrirakurtzen. Horietako bat, Bagatelas de otoño da (Udazkeneko huskeriak, eman zien titulua Atxagak) eta hura irakurtzen hasi eta laster, Atxagak berak aspaldi lapitzez azpimarratutako hitz batekin egin omen zuen topo. Ondoan galdera ikur bat omen zeukan. Hitza zen “riparografo”. Eta hitz hori esaten omen zioten eguneroko gauzak –gozotegiak, zapatagileak, kaleko jendea…– gauza arruntak pintatzen zituen greziar margolari bati. Eta gauza arrunt horiek margotzea burlatzat hartzen omen zen garai hartan.

Eta esaten du Atxagak, XIX. mendera arte teoria bat zegoela literaturan, alegia, gai nagusiak (maitasuna, heriotza…) behar zutela estilo aldetik halako nagusitasun bat, halako tonu handi bat. Eta beste gaiak (taberna zuloak eta abar) nonbait azaltzekotan genero komikoetan azaltzen zirela, betegarri gisa. Hori, Atxagak zioenez, XIX. mendera arte gertatu zen zenbait salbuespenekin, eta Cervantes eta “novela picaresca” deritzana aipatzen ditu.

Eta Barojak esaten omen du bera ere halakoxea zela: alegia, gauza arruntak, jende apalenaren gauza apalenak, horiek gustatzen zitzaizkiola. Eta hori izan omen zen joera bat, Barojak begi aurrean jarri zuena, eta gero askok (Atxaga bera ere hor sartzen da) hartu dutena.

Barojari inporta zaio –zioen Atxagak– giro apalaren, bizimodu apalaren edertasuna. Barojak esaten omen du jende askok uste duela pobreen bizitzan ez dagoela edertasunik, eta berak kontrakoa uste omen du: jende pobrearen bizitzan aberatsenen bizitzan baino edertasun gehiago dagoela. Hori onartuz gero, ulertzen omen dugu zergatik ez zuen maite Barojak (“eta barkatu!”, esan zuen Atxagak) … Donostia.

Barojak maite zuen bizimodu hori ez zegoen Donostian edo Bilbon; zegoen herri txikietan, zegoen aldeatan, mendi eta itsasertz eta horrelakoetan. Eta zergatik hurbildu zen Baroja hainbestetan euskaldun jendearengana?, galdetzen zigun Atxagak. Alegia, baserriko jendea, marinelak, arrantzaleak, artzainak… Zergatik hurbiltzen zen haiengana? Bada –esaten du Atxagak– gizartean azkenak zirelako, gizartearen erdian beraiek zeuden behe-behean. Haiek, gure aiton-amonak-eta, haiek zeuden behe-behean eta hor behean aurkitzen zuen Barojak beraiengana hurbiltzeko lehen arrazoia.

Hitzaldiaren hasiera, lehen hamar minutuak, latinez “incipit” deitzen den hori, sekulakoa! Ez da besterik behar Baroja betirako maitatzeko. On egin dagizuela.

Argazkia: Pio Barojaren marrazkia bere anaia Rikardok egina.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide