BEHINGOZ AMAI DEZAGUN HONDAKINEN AUZIA

EAJko Udal Gobernutik azken ingurumen batzordean esan zitzaigun,  maiatzeko Udal Batzarrean hartu nahi zutela Zestoan bilketa sistema aldatzeko erabakia, non egun indarrean daukagun sistema “mistoa” kendu eta kontenedoreak jartzearen aldeko hautua egina duen EAJk.

Ehbilduk behin eta berriz esan izan du, aurreko legealdian alderdi politiko zein herriko eragileek era adostuan erabakitakoa dekretuz atzera bota eta berriz kontenedoreak ezartzea ez dela bidezkoa. Besteak beste, Urola Erdiko Mankomunitateko teknikariek egindako azken txostenak hitzez hitz horrela dioenean: “Zestoako bilketa komunitarioa da hondakinen kalitatea bermatzen duen sistema bakarra mankomunitateko herrien artean”.

Egungo bilketa sistemari esker, urteko gaikako bilketaren bataz bestekoa %74,5ekoa da eta gure ustez, ekarpen guneak doituz gero, %80ra iristeko moduan izango ginatekeela ziur gaude. Aldiz, kontenedoreak jartzeak gaikako bilketan atzerapauso itzela emateko arriskua izateaz gain, Azkoitian gertatuak erakutsi bezala, hondakinen kalitatean ere eragin okerra izango luke eta behin ezarrita gero, neurri zuzentzailerik hartzeko malgutasunik ez genuke izango.

Ezarri nahi diguten edukinontzi bidezko sistemak, nagusiki birziklatze tasak behera egin duelako, huts egingo balu, horrek ekonomikoki ere zestoarroi sekulako gainkostua suposatuko liguke. Zabortegira isuritako hondakin kopuruak gora egiteak isunak ordaintzea dakarrelako eta susmo guztien arabera, Zubietan eraiki nahi duten Errauskailua finantzatzeko EAJk Gipuzkoako udalak zorpetzeko erabakia hartu du. Izan ere, errauskailuaren eraikuntza pribatuak izango duen kostua ordaintzeko, zabor kopurua handitu beste erremediorik ez da izango eta azkenean diru hori herrietan sortutako zabor tasei ezarriko zaizkien isunen bidez ordaindu nahi dute, beste behin guztion dirua poltsiko pribatuetara bideratuaz.

Erosotasunari dagokionez ere, berriro gure kaleetako gune asko kontenedorez betetzea ez dugu egoki ikusten. Hondakin organikoak hiru egunetan pilatuko lirateke bertan eta horrek, besteak beste, usai txarrak zabaltzeko arriskua ere izango luke.

Bestalde, Ehbilduren eskariz, 2015eko abenduaren 3an burutu zen Udal Batzarrak, inolako aldaketarik egin aurretik Hondakinen Mahaia biltzea onartu zuen. Gaur da eguna, sei hilabete pasa eta gero oraindik ere EAJren gobernuak deialdirik egin ez duena eta alde bakarretik guztioi bilketa sistema ezarri nahi diguna.

Bukatzeko, Ehbilduk inolako aldaketarik onartzekotan, aurreko legealdian Hondakinen Mahaian egin bezala, era adostuan erabakita edo herritarren gehiengoak galdeketa bidez horrela esan duelako izango da.

UROLA ERDIKO GAIKAKO BILKETA SISTEMARIK ONENA, ZERGATIK ALDATU?

INOLAKO BERMERIK GABE, ZERGATIK HAINBESTERAINOKO ARRISKUAK HARTU?

HERRITARREN ALDETIK KEXARIK IZAN EZPADA, ZERGATIK ALDATU?

Interes ekonomikoetan oinarritutako proiektu faraonikoak, ingurumenaren eta herritarren interesen gainetik jartzen dituenak ez du etorkizunik merezi, bestelakoan gureak egin du!




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide