Beldurra askatuz

Aurrerantz goaz denboraren aurka ezin baitugu egin, baina esango nuke atzera begira gaudela une oro, edo besterik gabe begiak estali egiten ditugula.

Etengabe aurreiritziz osatutako eraikuntzak egiten ditugu gure barruan, eta eraikuntza hori behera botatzeko beldurra dugula ematen du. Ez dugu nahi bertatik irten, barruan jarraitzea errazagoa delakoan edo. Baina kosta egiten zaigu geure barnera begiratzea, geure burua ezagutzea, eta horrekin batera errespetatzea. Neure burua errespetatzeko gai naizen galdetzen dut askotan, izan ere, zenbait kontraesan, haserre, lotsa izan ditut neurekiko. Geure nortasuna alde batera uzteko ere gai garela ikusi izan dut, asebeteko ez gaituen talde baten kide bihurtzeko. Pertsona bakoitzak mundu propio bat sortzeko gaitasuna duela ahazten zaigularik.

Beldurra, munduan dagoen armarik indartsuena dela esan zidaten behin. Eta egia dela esango nuke, beldurrak, denok menperatzen baikaitu noizbait. Aldaketarako beldurra dugu, garena izateko beldurra dugu. Baina beldurra, guk geuk bilakatzen dugu indartsu, geu menpera gaitzan uzten baitiogu.

Geure gorputza entzutea zaila egiten zaigu, eta gure emozioak lantzeko eta ezagutzeko modu ezin hobea da. Gorputzak eskatzen diguna egitea, askatasunez jokatzea. Gaur egun askatasunez jokatzen duten oso gorputz gutxi daude, eta aldaketa bat egin ezean, askeak ez diren emozioek gorputzetan preso jarraituko dute.

Geure bidearekin ziur egonda egin ahal izango diogu beldurrari aurre. Baina gure ziurgabetasunen menpe bizi garenez gero, oraindik ere bera irteten da irabazle, eta hori esan bezala, geure burua ezagutzea kosta egiten zaigulako gertatzen da. Beldurrak, gure bidea hasten dugun bakoitzeko, oztopoak jartzen dizkigu, eta berriz hasierara itzultzen gara, nora jo ez dakigula.

Sarritan pentsatu izan dut ea gaur egun nor den gai bere burua maitatzen duela esateko, ea nork dioen bera dena ez lukeela ezergatik ere aldatuko. Besteen menpe bizi gara askotan, eta horrek, mugak jartzen dizkigu une oro geure bizitzako bidean. Besteek uste dutenak, guregatik pentsa dezaketenak, muga horiek eraikitzen ditu, eta gu geldirik geratzen gara geure etorkizuna baldintzatzen duten pareta hutsei begira.

Gure ahotsa entzuteko gaitasuna lortu behar dugu, geure burua entzun behar dugu, eta sentitzen duguna adierazi, geure beldurrak, penak, pozak eta zirrarak erakutsi. Geure beldurrek ez gaitzaten menperatu, eta garena izatearekin bat aurrera egin dezagun.

Askatasuna irudikatu izan dudan guztietan, zelai berde bat etorri zait burura, lasterka egiteko askatasuna dudan zelai bat, ez baitut oztoporik aurkitu. Baina zelai berdea oraindik ere beltz ikusten dut egunero, baina pixkanaka bada ere, jada ikusten ditut berdegune txiki batzuk. Askatasuna nola definitzen den ere ez dakit oraindik, baina garbi dudana da nolakoa den jakiteko beharra dudala, eta zelai berde horretara iristeko bide zidor eta oztopo guztiak zeharkatzeko saiakera egin behar dugula.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide