Albisteak

[ELKARRIZKETA] Berdaitz Landa: “Partida guztietan taldea ondo prestatua egotea nahiko nuke, hasieratik bukaera arte”

Zestoa Futbol Taldeko gizonezkoen lehen taldeak Erregional Preferente mailan jokatuko du datorren denboraldian. Berdaitz Landa izango da taldearen entrenatzailea, bigarren urtez.

Beste urtebetez jarraituko duzu mutilen taldea entrenatzen. Garbi al zenuen erabakia?

Egia esan, denboraldia bukatzen ari den bitartean nahiz eta jarraitzeko gogoa izan, luze egiten da. Erabakia pentsatu beharra nuen eta zuzendaritzari bi edo hiru aste eskatu nizkion. Zuzendaritza indar handiarekin ari da lanean eta jarrera hori kutsatu didate niri ere. Grina handia dute eta azkenean bizpahiru egunean beste urte betez jarraitzea erabaki nuen. Oso gustura nago hartutako erabakiarekin, jarraitzeko gogo handia dut.

Erregional Preferente mailara igo zarete. Nolakoa izan da denboraldia?

Oso gustura nago egindako denboraldiarekin. COVID-19aren kontu honekin denboraldia ez genuen amaitu. Federazioak denboraldia amaitutzat eman zuenean bigarren postuan geunden. Zenbakiak begiratuz gero, kategoriko talderik onena izan garela ikus daiteke. 21 partida jokatu ditugu horietatik 15 irabazi, 5 berdindu eta bakarra galdu dugu.

Denboraldi hasieran ezarritako helburu batzuk bete dira. Adibidez, jokatutako partiduak baino gol bat gutxiago jasotzea, hau da, partidetan jasotako gol kopuruen batez bestekoa gol bat baina gutxiago izatea. Guztira, 21 partidatan 20 gol jaso ditugu. Bestalde, taldean izan dugun giro ona azpimarratu nahiko nuke. Emaitzez gain oso garrantzitsua da giroa. Gutxi jokatzen duten jokalariek izan duten jarrera txapela kentzekoa izan da. Aurtengo puntu indartsua horixe izan da. Egia esan, entrenamendu bakarra ere ez dute huts egiten eta titular jokatzen dutenak gogor entrenatzera behartu dituzte. Hortxe dago gakoa, azkenean talde bat gara eta talde bat aurrera ateratzea alferrik da 11,12 edo 14 jokalarirekin, 25 behar dira. Denboraldian zehar oso ondo jakin dugu presioa ematen. Mailaz igo behar genuen eta jende asko presionatuta sentitu da, baita neu ere. Mailaz igotzeak bakarrik balio zigun aurten eta lan asko egin dugu horretarako. Jokalarien jarrera eta beraien artean izandako errespetua nabarmendu nahiko nituzke.

Nola hartu duzue federazioaren erabakia?

Erabaki zuzena izan dela uste dugu, justuena eta logikoena.

Zein dira taldearen indargune eta ahulguneak?

Indargune handiena beterano eta jokalari berrien artean egon den errespetua eta giro ona izan dira. Ahulguneei dagokienez, uste dut gehiago sinetsi behar dugula gauzak ondo joaten zaizkigunean. Ikusten badugu gauzak ondo doazela, gehiago sinetsi behar dugu. Askotan hor zalantzan gelditzen gara edo erraz distraitzen gara. Gure indarguneak zein diren jakin behar dugu eta taldea horretara bultza.

Hasi al zarete datorren urtera begira gauzak prestatzen?

Zuzendaritzarekin datorren urteko taldea osatzen ari gara pixkanaka. Aurtengo moduko taldea nahiko nuke, talde oso eta orekatua. 25 jokalari inguru izatea ere gustatuko litzaidake, inork ez dakielako denboraldian zer gerta daiteken.

Denboraldi-aurrea noiz hasiko duzue? Eta liga?

Oraindik ez dakigu liga noiz hasiko den, ezta denboraldi-aurrea ere. Zurrumurruek diote denboraldia irailaren 12an hasiko dela. Pentsatzen dut denboraldi-aurrea joan den urtean bezala hasiko dugula, abuztuko lehen edo bigarren astean. Oraindik dena lotzeko dago.

Zein izango da datorren denboraldiko helburua?

Oraindik ez dugu hitz egin. Hori jokalarirekin adostu beharreko zerbait da. Azkenean alferrik da nik helburu bat izatea eta jokalariek beste bat. Nire helburu pertsonala denboraldi-aurre ona egitea da, lesio gutxikoa eta gogorra. Denboraldian zehar partida guztietan taldea ondo prestatua egotea nahiko nuke, hasieratik bukaera arte.  Jokalariek mugarik ez jartzea gustatuko litzaidake, helburu on bat jartzen bada, esfortzua eta sakrifizioa eskatuko du eta hori da garrantzitsua.

Argazkia: Zestoa FT

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide