Albisteak
Berrogei postuk osatuko dute Txikitasunian Haundi eguneko baserritar eta artisauen azoka
— 2022-10-11Bigarren urtez egingo dute Txikitasunian Haundi eguneko baserritar eta artisauen azoka Arroabean. Datorren larunbatean izango da, urriak 15, goizeko 10:00etatik 14:00etara bitartean. Aurten 40 postutik gora bilduko dira bertan, eta denetarik egongo da: esnekiak, eztia, ogia, gozogintza, sagardoa, garagardoa, bitxigintza, serigrafiak, poltsak…
Azoka egitearen ideia pandemiatik etorri zela azaldu dute antolatzaileek. “Pandemiarekin konturatu ginen zer nolako kontsumo eredua dugun, eta horri aurre egiteko, egun batean behintzat kit-kat txiki bat egiteko horrelako azoka bat antolatzea erabaki genuen. Pandemiak bertakoa “kontzienteki kontsumitzearen” garrantzia zein zen erakutsi digula diote, eta orain, krisi energetikoaren ondorioz, “gehiago konturatu” garela nabarmendu dute.
Egitarau oparoa
Azokaz gain, egun osoko egitarau oparoa antolatu dute Txikitasuna Haundi eta Ezkaizto auzo elkarteko kideek. Izan ere, goizetik hasi eta iluntzera bitartean izango da zer egina auzoan. Idiakaitz txistulari taldearen dianarekin hasiko da eguna, goizeko 10:00etan. Ondoren, azoka zabalduko da, eguerdiko 14:00ak bitartean. Arratsaldeko 17:00etan buruhandiak irtengo dira, eta 18:00etan, Izer eta Alabierrek haurrentzako erromeria eskainiko dute. 20:00etan, berriz, indarrak hartzeko parrillada egingo dute frontoian. Egunari amaiera borobila emateko, Izer eta Alabierrek erromeriaren bigarren zatia eskainiko dute iluntzeko, 22:00etan hasita.
Azokara garraio publikoan
Azoka dela eta, Arroabea autoentzat itxita egongo da. Antolatzaileek bertara joateko garraio publikoa erabiltzeko deia egin dute. Autoan joatea erabakitzen dutenek, industriagunean aparkatu beharko dute.
Egin zaitez bazkide