[BIDEOA] Antton Ao Povo herri ekimena sortu dute, deportazioaren gaia gizarteratzeko helburuarekin
— 2022-06-24Zestoar talde batek Antton Ao Povo herri ekimena sortu du, deportazioaren gaia gizarteratzeko helburuarekin. Atzo arratsaldean egin zuten taldearen aurkezpena Kultur Etxeko atarian. Gabonak bitartean, Olaizola herrira itzultzeko sinadurak bilduko dituzte herriguneko zein auzoetako jaietan eta beste egun batzuetan. Sinadurak biltzearekin batera kamisetak salduko dituzte. Taldeko kideek azaldu dute beste hainbat ekintza antolatzen dabiltzala, eta aurrerago emango dutela horien berri.
Herri ekimeneneko kideen esanetan, Euskal Herrian urte “oso gogorrak” bizi izan dira gatazka politikoaren eta armatuaren ondorioz. “Aurreko mende amaiera, 80 eta 90eko hamarkaden artean, hainbat euskal militante atxilotuak eta deportatuak izan ziren Ameriketako zein Afrikako leku desberdinetara. Hauen artean Joxe Antonio Olaizola Atxukarro herritarra, zeina Cabo Verdera deportatua izan zen 1989an. Gaur da eguna ETA desagertu, eragindako mina aitortu eta gertatutakoa berriro ez errepikatzeko borondatea erakutsi duenean, presoek kartzelan eta Anttonek deportatuta jarraitzen dutena. 1980an egin zuen alde Anttonek Zestoatik, eta neurri errepresiboa dauka ezarria: deportazioa, dispertsioaren besorik luzeena, hain zuzen” azaldu dute.
Sinadurak ondoko eskakizunak betetzeko jasoko dituzte: Bizi osorako zigor kondena guztiak ezabatzea; gertatutakoaren aitortza, erreparazioa eta berriro ere ez gertatzeko bermeak eskatzea, eta horretarako konponbide demokratikoa bultzatzea eta salbuespen neurri guztiekin amaitzea; Antton Zestoan eta libre ikustea, eta gatazkaren ondorioak ikuspegi integral batetik kontatu eta konpontzea.
Hona hemen aurkezpeneko bideoa: