[BIDEOA] Beñat Etxabe ‘Manez eta kobreak’ taldearekin oholtza gainean izango da igande honetan, Zestoan

‘Udan zer Zestoan?’ egitasmoaren baitan, ‘Manez eta kobreak’ musika taldeak, Kalakan taldeko partaide izandako Thierry Biscary gidari duela, kontzertua eskainiko du igande honetan, abuztuak 23. Taldearekin ordezkapen lanetan aritzen den Beñat Etxabe herritarra ere oholtza gainean izango da tubarekin. Tradizioa eta freskotasuna uztartuz, barne-barneko musika eskaintzen dute, familia, auzokide eta ezagunen bizipenak kontatuz. Beren metalekin parte hartzen duten musikariek, jotzeaz gain kantatu ere egiten dute.

Errealitatea eta fikzioa nahasten dituen kontzertu hau oso ezberdina dela azaldu du Etxabek, normalean ikustera ohituta ez gauden ikuskizun horietariko bat. Oriokoarekin batera, Zestoan eskainiko duten kontzertua azkenetarikoa izango da eta Beñat Etxabek ekitaldia ikustera joateko gonbitea luzatu die herritarrei. Emanaldia arratsaldeko 19:00etan hasiko da.

Sarrerak

Sarrera doakoa da, baina gogoratu ikuskizunaz gozatu ahal izateko aurrez erreserba egin behar dela Zestoako Turismo Bulegora deituta (943 86 88 11). Ezinbestekoa izango da izen-abizen zein telefono zenbakia ematea.