[BIDEOA] Gipuzkoako Auzitegi Probintzialak Zestoako Udalaren aurkako ebazpena berretsi du

Zestoako Udal Gobernuak agerraldi batean auzitegi probintzialak udalaren aurkako epaia berretsi duela adierazi du. Gertakariak Ekainberri museoa eraiki aurretik udalak lur-jabeekin sinatu zuen hitzarmenean dute oinarria. 1999an sinatu zen hitzarmen hartan museoa eraiki zen lurrez gain, lur-jabeen familiako kide baten lanpostua ere negoziatu zen.

Geroztik, legealdi ezberdinetan hitzarmen honen baitako gorabeheraren bat izan bazen ere, Zestoako Udalaren aurkako demanda ez zen 2017ra arte sartu. Aurreko legealdiaren amaieran Azpeitiko auzitegian izandako epaiketan udala ia 500.000 eurotako kalte ordaina ordaintzera zigortzen da, bere garaian hartu zituen konpromisoak ez betetzeagatik. Azpetiko epaiaren zatirik handiena berretsi du Gipuzkoako Auzitegi Probintzialak eta udala 410.000 euro ordaintzera zigortzen du bere garaian eskainitako lanpostua ez betetzeagatik.

“22 urte geroago udalak dirutza hori ordaindu behar izatea ikaragarria da, hau gertatu bada gauzak gaizki egin zirelako da baina hala ere epai hau sekulako bidegabekeria izan da, udalarentzat inoiz lanik egin ez duen bati dirutza hori ordaindu behar izateak ez du ez hanka eta ez buru” adierazi du Mikel Arregi Ertxin alkateak.

Hona hemen Udalaren agerraldia: