Albisteak

[BIDEOA] Jesus Odriozolari Zestoako Bandak Santa Zezilia Egunean egindako omenaldia

Ostiralean, Santa Zezilia, musikarien eguna, ospatu zuen Zestoako bandak. Kontzertu berezia egin zuten RocKalean taldearekin batera eta zestoarrek ia frontoia bete egin zuten.  Kontzertuaren erdian, eten bat egin zuten Jesus Odriozola, banda kideari, omenaldi bat eskaintzeko.

Hitz ederrak luzatu zizkioten bandako lagunek Odriozolari eta Ioritz Arantzeta eta Joritz Zuzunegik bertso batekin eman zioten hasiera omenaldiari. Ondoren plaka bat eta lore sorta bat eskaini zizkioten. Bertsoak honela zioen:

Doinua: Habanera

Zestoa ezin ulertu
Musika bandarik gabe
Eta familia hontan
Buru zuri bat da klabe
Bonbardinoa haizetuz
Maisu handienen pare
Mikrofonoa eskuan
Horrenbeste malabare
Parrandan dantzari fina
Hau ez dugu nobedade
Laranja, letxuga eta
Mahasti ugariren jabe
Beteranoen laguna
Gaztetxoena baita ere
Maite dugun Jexux baita
Bandakideon zutabe.

Hurrengo bideoan jasotzen da omenaldiaren zatia:




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide