Albisteak

[BIDEOA] “Zestoako festetan ere eraso matxistei planto” kanpaina abiatu du Udalak

Zestoako Udalak datozen herriko eta auzoetako festetarako indarkeria matxistaren inguruko sentsibilizazio kanpaina abiatu du.  Badirudi aurtengoan festak normaltasunera bueltatuko direla eta horrekin batera, Udalaren kontzientziazio kanpainaren hasiera izango da. Zestoako festetan ere eraso matxistak egon ohi direla jakinarazi du Udalak eta hauen inguruko kontzientziazioa zabaltzea eta errekurtsoak ezagutzea ezinbestekotzat jo du.

Kanpainaren helburua herritarrak eraso matxista eta sexisten aurrean sentsibilizatzea eta informatuak egotea da. Adibidez, jarrerari dagokionez irizpide batzuk ezagutzea, erasotua izan den pertsona batekin topatuz gero, lehenengo arreta emateko pauso batzuk ezagutzea edota larrialdietarako erabilgarriak diren telefono guztien berri izatea.  Kanpainaren hasiera santakutz jaietan izango da. Informazio “sinplea baino adierazgarria” zabaltzen duen kartel bat egongo da ostalaritza gune eta dendetan.

Udaran auzoetako festak izango ditugu eta ordurako auzoetako festa batzorde eta elkarteekin ere lanketa bat egiteko asmoa du Udalak.
Azkenik, herriko eragile ezberdinekin ere bilera parte-hartzaileak egitekotan da erakundea. Gaiaren inguruko lanketa egiteko, boluntario sare bat sortzeko, gune informatiboak martxan jartzeko eta herritarrei ahalik eta informazio gehien zabaltzen laguntzeko.

Nerea Odriozola eta Beatriz Zubia EH Bilduko zinegotziek eta Jone Exposito Zestoako Udaleko Berdintasun Teknikariak kanpainaren inguruko azalpenak eman dituzte:

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide