Azaroa 2025
— 2025-12-03Irakurri 276. zenbakia hemen.

Bilbon 13 urteko neska bat hil du bere amaren bikotekideak eta gertatutako erailketa matxista salatzeko elkarretaratzea deitu zuen Itaiak ostiral arratsaldean, plazan. Jarraian bertan irakurritako testua:
Hemen elkartu gara, bart gauean Bilbon egindako erailketa matxista eta bikarioa salatzeko. 13 urteko neska bat erail du bere aitak, lehenago ama ere eraso ostean. Itaiatik gure babes eta elkartasun osoa helarazi nahi dizkiegu eraildako neskatoaren eta erasotako emakumearen familiari eta ingurukoei.
2025ean jadanik 3 emakume izan dira erailak Euskal Herrian. Horiez gain, duela aste batzuk Gasteizko emakume bat erail zuen bere senarrak Haron. Egunero argi eta garbi ikus dezakegu: indarkeria matxistak modu gordinean kolpatzen jarraitzen du emakume langileon bizitza. Indarkeria bikarioaren helburua ere horixe da: emakumearen gertukoren bat erasotzea, berak sufri dezan.
Egun, gainera, ideia faxisten eta erreakzionarioen gorakada matxismoaren zabalpena eragiten ari da. Eskuineko posizioek matxismoaren existentzia ukatu eta emakumeon irudi otzana
indartzeko saiakera egiten dute etengabe, eta horrek indarkeria matxistaren normalizazioa eragiten du.
Egoera larri horren aurrean posizionatzeko momentua da. Emakumeok jasaten dugun
indarkeria eta zapalkuntzaren aurrean bi aukera ditugu: matxismoaren konplize izaten jarraitu edo matxismoaren aurka borrokatu.
Itaiatik jarrera eta ideia matxisten aurka borrokatzen jarraituko dugu: batetik, indarkeria jasan duen emakumea defendatzeko eta babesteko baldintzak bermatuz; bestetik, eraso ororen
aurrean irmotasunez eta eraginkortasunez erantzunez. Zentzu horretan, beharrezkoa da
matxismoaren aurkako kontzientziazio lana eta borroka indartzea, eta matxismoari aurre egingo dion mugimendu indartsua eratzea.
Indarkeria matxistaren aurka borrokatu!